kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Azukre xehea gatz larria / Mikel Hernandez Abaitua / Alberdania, 2010

Kronika pertsonala Javier Rojo / El Correo, 2010-12-04

Mikel Hernandez Abaituak bere bizitza eta oroitzapenak lehengaitzat erabili ditu Azukre xehea gatz larria izenburuko liburu hau idazteko. Memoria liburua eta kronika sentimentala uztartzen zaizkigu testu honetan, beste ezaugarri interesgarri batzuen artean hauxe du bat: frankismoaren amaierarekin batera mundua ezagutzeko aukera izan zuen belaunaldiaren kronika izatearena. Izan ere, berrogeita hamar urteren bueltan dabiltzan irakurle askok aldez edo moldez beren burua islatuta ikusiko dute liburu honetan kontatzen diren gauzetan.

Azken berrogei urteetako kronika egiteko lau zutabe erabili ditu idazleak: literatura, musika, adiskideak eta politika. Eta iruditu zait, lau zutabe horiek kontuan hartuta, idazleak bere ibilbide pertsonala azaldu nahi izan duela. Ez dakit “zuritu” hitz egokia den, azken finean idazleak ez baitu zertan zuritu bere ibilbidean egin duena, baina nolabait egin dituenak zergatik egin dituen azaltzen digu hemen. Eta irakurlea berehala konturatuko denez, Hernandez Abaituaren jarrera da bere herrian bertan deserrian bizi izan den pertsonarena, barne deserrian egongo balitz bezala, garai batean euskal kulturan ia erabatekoa zen ezker abertzaleen muturreko jarrerak agintzen zuen mundu batean desegoki sentituko balitz bezala. Azken finean, euskaltzalea izanik, bere adineko jende asko bezala abertzaleen inguruan mugituta, Hernandez Abaituak desberdina zela sentitu izan du betidanik. Bere bizitzan desberdintasun hori nabarmendu duen gertakari bat dago, ia epifanikoa: osabaren bahiketa aldia ETAren eskuetan.

Kontakizunean zehar, euskal kulturan oso ezagunak diren pertsona batzuen izenak agertzen dira. Susako kideak, esate baterako, behin eta berriro aipatzen dira orrialdeotan, bera ere hasieretan behintzat susakumea izan baitzen. Edota Ramon Saizarbitoria, miresmenez aipatzen duen idazlea eta adiskidea, Hernandez Abaituarentzat erreferentzia puntua izan dena. Frankismoaren leize-zuloetatik ilusiora, ilusiotik dezepziora eta dezepziotik helduaroko egoera orekatsura doan ibilbide hori kontatzerakoan, batzuetan gauzak gehiegi azaltzen direlarik (adibidez, NO-DO zer den azaltzen du), iruditu zait liburua garai hura ezagutu ez duten irakurleengan pentsatuta idatzi duela.

Nolabait zorrak kitatu nahi izan ditu eta, egia esan, oso erraza zuen liburua mendekua hartzeko erabiltzea, baina horren ordez idazlearen begirada xamurra nabarmentzen da.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak