kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Bulkada / Jon Benito / Susa, 2010

Poeta libre bat Beñat Sarasola / Berria, 2010-11-28

Poema liburu batean lauzpabost poema gustagarri topatzen badituzu, pozik egoteko modukoa izaten da. Oso zaila baita has eta buka maila goreneko poemaz osatutako liburuak aurkitzea. Bulkada-n, ordea, alderantziz gertatzen da; bereziki deigarriak ez diren aleak dira lauzpabost. 2001ean argitaratu zuen Jon Benitok, hogei urte eskas zituela, Aingurak erreketan poema liburu gogoangarria. Ordutik, literaturatik aparte ibili ez bada ere, ez du ezer publikatu Bulkada hau bitarte. Eta baiki, itxaronaldiak merezi izan du.

Ni poetiko baten sortze eta bilakaera da liburuan azaltzen dena. Lehenengo atalean —Ezin ahaztu nor naizen— jaiotza eta haurtzaroa aurkitzen ahal ditugu, eta azkenekoak —Koordenada berriak—, aldiz, etorkizunera du begiratzen. Autorearen beraren eta ni poetiko horren mugen arteko jolasa proposatzen da, edo modu orokorrago batean esateko, fikzioaren eta errealitatearen artekoa. Poemetan azaltzen diren kontu askok, hala, bat egiten dute errealitatearekin (liburuaren ISBN-a, esaterako), baina beste zenbaitek, ostera, nekez egiten dute halakorik (astean 130 librarekin Londonen bizi!). Garapen hori formalki ere antzematen da. Liburuaren lehen erdia lehenengo pertsonan idatzia dago, eta hortik aurrera hirugarren pertsona da nagusi, azkeneko atala arte, non berriz ere lehenengo pertsonara itzultzen baita. Poesia intimotzat-edo har daiteke akaso, poetaren bizipen eta sentimenduak islatzen dituen poesia moldetzat, baina, funtsean, horrekin jolas egiten duen poemategia da gehiago. Poeta eta poemaren artean beti dago galbahe bat, eta hori ezkutatu bainoago, galbahe horretatik idazten du Benitok.

Atalak gaiaren arabera antolatuak daudela esan daiteke: familia, politika (“baina zeinen zaila den / poema ez-politiko bat egitea gure herrian”), literatura, amodioa, atzerriratzea, eta abar. Lehenengo poema borobilarekin —Hastapena— kolpe gogorrez hasten da. Poesiazalearen oroimenean gordeta geratzera deituak dauden poema horietako bat da. Gainera, zuzenki lotuta dago gure artean azken boladan sortu diren eztabaida politiko-filosofikoekin (Historia eta naziotasuna). Lehenengo lerroak garbi uzten du non kokatzen den Benito: “Historia nirekin hasten da”. Norbanakoaren askatasunaren aldarrikapenean. Eta, hala, ezin da ekidin lerro hori Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua-rekin lotzea, ezagun denez, libertatearen aldeko panfleto erabatekoa dena. Izatez, esplizituki erreferentzia gehiegi aurkitzen ez badira ere, poemategi guztian sumatzen da euskal poesia garaikide onenaren usaina. Azurmendiz landa, hala nola Koldo Izagirre, Jose Luis Otamendi eta Bernardo Atxagaren doinuak entzun daitezke han-hemenka. Eta ez dira bidaide kaskarrak, alajaina.

Prosara hurreratzen den poesia moldea erabili du Benitok, baina badaude salbuespenak. Zenbait poema —Ginenean, Definizio bat, London Cityko balada— bertso errimatuekin osatuak dira. Gure herri poesiaren itzala ere nabaritzen da tarteka, hitz eta esapideak moldatzeko joeran batik bat: ?”Beragandik erditu naiz. / Eta ez naiz bere erdia?” (Neure buruaren gabe).

Aingurak erreketan askoz ere liburu lirikoagoa zen. Bulkada-n baliabide erretoriko ohikoen biluzketa bat dago, liburuaren poetikatzat har daitekeen Ekaitza eta bulkada poeman aditzera ematen den gisara. Biluzte hauek dudazkoak izan ohi dira maiz, arrunkeriaren galzorian uzten duelako poeta. Esan gabe doa Benitok ondo saihestu duela arrisku oro eta aparteko liburua eskaini digula. Ez diogu eskatuko lasterrago argitara dezala, orain bezain libre egin dezala baizik.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak