kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Fikzioaren izterrak / Ur Apalategi / Susa, 2010

Ofizioaren ajeak hizpide Iban Balerdi / Gara, 2010-11-19

Bere lehen ipuin liburuarekin itzuli da Ur Apalategi euskarazko literaturaren erakusleihora. Aurrez idatzitako bi nobelekin batera, Gauak eta hiriak eta Gure Gauzak S.A., trilogia moduko bat itxi nahi izan omen du. Izan ere, guztietan idazlearen figura azaltzen baita ardatz moduan. Honetaz gain, bikote harremanei ere garrantzia berezia ematen die, maitasunaren fikzioa deitzen dion horri erreparatuz.

Izenburuan agertzen den legez, fikzioa baita Apalategiren literaturaren beste ezaugarrietako bat. “Fikzio konpartitua” deitzen dio berak literaturarekin lor daitekeenari, idazlearen eta irakurlearen artean sortu ahal den nolabaiteko lotura, alegia. Horrelako zerbaitek lotzen du Beste bizitza ipuina. Bertan, narrazioko pertsonaia baten eskutik kontatzen zaigu istorioa, etengabe puntu berean gelditzen dena. Baina puntu horretan irakurle desberdinak dira gelditzen direnak, bakoitza “beirazko burbuila batean bailegoen. Literatura beirazko burbuila gisa. Harro nengoen hitzen indar soilaz sorturiko efektuaz”.

Arestian esan bezala, idazlea eta literatura dira ipuinotako elementu nagusienetakoak. Azken fandangoa Buenos Airesen izeneko ipuin luzean, gainbeheran dagoen autore bat, eta hasi berritan mundua jateko prest dagoen beste bat dira protagonista. Gauzak egiteko molde zahar nahiz berriak, mugiarazten gaituen lehia geldiezinean. Literatura sari eta kongresuen kritika zorrotza guztiaren atzean. Fikzioa izan arren, nahi gabe ere, irakurleak izen-abizenak jartzeko tentazioa izango du ipuineko pertsonaiekin. Epaimahaian ere sarien inguruan ari zaigu idazlea, berauen atzean dauden interes ezkutuen bidetik.

Gutun bi posteritateari (Literatura eta Historia) deitutakoa, errealitatea eta literatura bereizi ezin dituenaren kontakizun garratza da. Historian esku hartuz, literatur munduan tokia topatu nahi duenaren istorioa, euskal politikaren kontuak tarteko.

Urrezko vespa narrazioak, aspaldiko ezinezko amodio batek utzitako arrastoaz dihardu. Maitatzeaz eta maitatua izateaz. Bizitza elkarbanatzeko dagoen beharraz, baina berriz ere fikzioaren eremuan gabiltzala argi utzi nahirik, amaiera bitxi horrekin.

Zazpi ipuinen artean niri gehien gustatu zaizkidanak Ergatibu eta Bernardo et Ramon izan dira. Lehenengoan euskararen zuzentasuna obsesiotzat duen gizonaren istorioa kontatzen zaigu. Euskara ikasle askorentzat hain zaila suertatu ohi den K horrekin, ederki islatzen du idazleak pertsonen arteko harremanetan ika-mika zerk piztu dezakeen. Euskararen txukuntasunari hainbesteko garrantzia ematen dion idazlea beste gauza batzuetaz ere jabetuko da, gordetako obsesioak azaleratu ahala.

Atxaga eta Saizarbitoriaren izenak dituen bigarrengoan, beste obsesio edo gainkarga bat ikus dezakegu euskal literatura ezagutarazteko asmoa duen gaztearengan. Hizkuntza txikia izanik guztiok eman behar dugu zerbait. Badirudi hori dela buruan duen kontu bakarra, pertsonaia helduari sinesten zaila gerta badakioke ere. Existitzen garela behin eta berriz aldarrikatu behar horretan ere gainkarga daramagula, edo obsesioa al da?

Bere burua nobelagile hertsitzat zuen batek ipuin liburu ederra utzi digu. Aurrerantzean ere bide guztiak irekiak izango dituela pentsa daiteke, literaturaren euskal unibertsoan eztena sartzen jarrai dezan.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak