« Hezurren misterioa | Hondamenditik aterako da »
Nor bere bidean / Joan Mari Irigoien / Elkar, 2010
Ingeniari bat, eleberrigile Bixente Serrano Izko / Berria, 2010-11-14
Orbetarrak trilogia burutu digu Joan Mari Irigoienek hirugarren ale honekin. Mardula, trilogia: 2.101 orrialde guztira! Ale bakoitza bere arkitektura propioarekin, baina hiruren artean, trilogia osoak ere bere egitura nagusia erakusten digu, aurretik ongi definituriko proiektu bati jarraikiz, eleberri bakarra izanen balitz bezala.
Aurreneko alearen egiturak atal bikoitzetan (1-1′, 2-2’…) antolatu zuen narrazioa: Regina Aldasoro eta Nazario Orberen bizi-lerroek ataletako erdi bana betez, bizi-lerro bakoitza bere abiapuntu eta bidetik, baina norabide konbergente batean eramanik bi-biak, Orbetarren saga-proiektua erdigune, nukleo bakar bihurtu arte. Bigarrenean, Orbetar familia jada mundu, bizi-lerro bakarrekoa dugu, eta narrazioaren egitura linealagoa ere bai, propio. Hirugarren honetan, Nazario eta Reginaren ametsak erreka jo duenean, bi bizi-lerro kontrajartzen ditu berriro ere idazleak, baina orain dibergente, Nor bere bidean izenburuak adierazten duen bezala. Halere, oraingo honetan, lehenaren egituratik formalki bereiztearren, bi aldakuntza nagusi: protagonistak beraiek izanen dira narratzaile, ez orojakile, batetik; eta, bertzetik, bi protagonisten arteko gutun-gurutzaketa, txandakatze zurrunean, izanen da kontakizunaren bidea.
Hiruretan, Irigoienen estilo narratibo berezia, gaur nagusi denetik guztiz aparte: elipsiekiko etsaigoa, hala elipsi narratibo nola sintaktikoekikoa: gertaeren gorabehera guztiak kontatzeko gura, haien atzealdeak ere xehe-xehe agerian jartzeko grina; eta sintaxi aberats eta biribilaren aldeko apustua, frogatu nahian bezala, eta ongi frogatu ere, gure hizkuntza aglutinatzailea inguruko flexio-hizkuntzak bezain malgu eta erabilgarria izan daitekeela paragrafo luze eta konplexuetan. Hiruretan, pertsonaien ikerketa psikologikoa, aldez aurretik diseinaturiko tipologia baten arabera. Eta bertze ezaugarri komun anitz, Irigoienen zigiluaren marka berezia.
Hirugarren ale honetan, Nazario eta Reginaren bi seme izanen ditugu protagonista eta narratzaile: Gabino fraide euskaltzale eta abertzale fededuna, Elorrietako santutegian (Arantzazu) bildua, eta Damaso intelektual pentsalari askea, madrildarra adopzioz, munduko hiritartasuna espainiartasunaren bidez gauzatu eta bere burua nazionalistatzat jotzen ez duen ustezko aurrerakoi horietako bat, hizkuntza gutxituekiko atxikitasun-eza —are mespretxua ere, darwinismoaren izenean— adierazten duena, ateo eta eszeptikoa. Bi-bien gutunen bidez ezagutuko dugu orbetarren bilakaera, seme-alabena eta gurasoena, horien heriotza arte eta haien gaztaro kontzientziadunetik aurrera, Primo de Riveraren garaietatik laurogeiko urteetako hamarkada arte. Urte mugituak inondik ere.
Urte horietako gertaera anitz familia barnean bizi izan eta bigarren alean jada kontatuak, baina protagonisten ikuspuntutik orain: nola ikusi zituzten orduko haur eta gazteek beraiek, gaurko zahartzarotik berriro oroimenera ekarririk. Honetan ere, Irigoienen diseinu psikologikoak euren indar osoaz.
Ezin sartu eleberriko aspektu zehatzetan, asko eta anitz diren eta merezi duten horietan. Alta, bat aipatuko nuke, hutsune gisa, nire ustez: Gabinoren eskutik, abertzale eta euskaltzaletasunaren inguruko mentalitateen bilakaera islatu nahi, bai, baina ez da inondik ere ikusten mentalitate haien prozesua laikotze aldera: Damaso pentsalari aske, laiko eta sasi-kosmopolitaren aurrean, mundu fededun huts gisa agertzen zaigu abertzale eta euskaltzaleena, noiz eta 1986an jadanik. Aurre-diseinu zurrunaren logikak eramanik ote?
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Asier Urkiza
Barbaro iraun
Louisa Yousfi
Amaia Alvarez Uria
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Aiora Sampedro
Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson
Irati Majuelo
Itzulerak
Miren Agur Meabe
Aiora Sampedro
...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo
Jon Jimenez
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Asier Urkiza
Hitzak palmondo
Silvia Federici
Nagore Fernandez
Altxa, hildakoak
Fred Vargas
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels
Aritz Galarraga
Maitasun kapitala
Karmele Jaio
Mikel Asurmendi
Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro
Paloma Rodriguez-Miñambres
Jausiz
Alain Mendizabal Diaz
Maddi Galdos Areta
Hiriak eta urteak
Xabier Montoia
Irati Majuelo