kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Hor hago Kevin? / Kevin Heredia / Meettok, 2010

Who is Kevin Heredia? Goizalde Landabaso / Deia, 2010-11-13

Nor da Kevin? Non dago, inon badago? Zer da? Nora doa? Ahotsik badu, aurpegirik? Berrehun orrialdetan zehar Kevinen ahotsa bilatu guran bat baino gehiago aurkitu dut. Kevin bera al da Menorca bideko hegazkinean Xabier Mendigurenekin topo egiten duena, eta Londreseko kaleetan gainbeheratzear Xabier Mendiguren aurkitzen duena? Serio irakurtzen hasi nintzen, baina hasieratik baten eta bitan berba bera zetorkidan burura: katxondeoa. Eta hitz honek badu milaka aurpegi. Kevinek, ordea, ez antza. Txantxa al da eleberri hau? Onartu behar dut irribarre txikia egin dudala, eta eraman egin nauela. Eta beste hamaika galdera sortu zaizkit lerro arteko bidean; Umorerik ba al da euskaraz egiten den literaturan eta euskarazko literatura egiten dutenen artean?

Metaliteratura. Bai, Kevinek berak esaten du: “Errezago zatekeen esango banizu hau ispilua dela? Gauzak bere aurrean jarri eta isla asimetrikoa itzultzen duena? Azken batean dena ez da ezer, baizik nondik begiratzen den”. Niri neuri irudi bat etorri zait. Ispilu batena, barruan ispilua duen ispiluarena. Ispiluaren barruan ispilua duen ispiluarena. Ulertzen didazu, ezta? Ezin serio hartu metaliteraturaz pozoitutako parodiaraino heltzen den ironia. Eta ironia bada, gero, gauza serio askoa! “Kriptikoegia da batzuetan”, esan zidan ezagun batek, “ez dut ulertu”. Euskal literaturaren unibertso txikiaren ezagutza apurra eskatzen duelako izango da. Baina dibertitu zen, laguna. Baita ni ere.

Xehe-xehe aztertu behar baldin bada, esan dezagun lehenengo golpea hasierako orrialdeetan dagoela, tira, aurkitu dudala. “Egia da, Iban Zaldua adiskideak aipatzen du idazle guztiek ez dutela zertan Rimbaud izan, idazle guztiek ez dutela bikaintasuna eta loria hogei urteen bueltan lortu behar. Arrazoirik ez zaio falta. Bere kasua horren adibidea”. Hara. Eleberriak aurrera egin ahala gero eta biziago egin zait Kevin Herediaren nortasun bilaketa. Baina Kevinek ez du serio hartzen bere burua.

Bigarrena: Xabier Mendigurenekin hegazkinean egiten duenean topo. “Lasai esan dezaket, Heredia, bost txinatar hauek nirekin zatozak, Menorcara eta leku guztietara. Etxean ere badute beren gelatxoa, estufarekin, eroso lan egin dezaten”. Hara. Ruper Ordorika gustatzen zaio hamabostean behin. Noiz konturatu naiz? Posta zentraletik ezkerretara jo, denda greziarrak, billarra eta ospitalea, hori ospitalera ailegatzerakoan. Harkaitz Cano, Vila-Matas. Horra beste filia bi. Fobiak ere badira, baina irakurle estimatua, ez dizut eleberria zapuztuko, sar zaitez.

Zer esan Londres, Menorca edota Bartzelonako turismo gidaz? Eskergarria dira beti gida turistiko alternatiboak. Ezinbestekoak benetan bisitatu nahi duzun bidaiaz bestela gozatzeko eta hiriaren osterantzeko aurpegia ikusteko.

Pertsonaia batzuk oso soberan daudela iruditu zait. Maribel bera, Miquel, emaztea,. Denak dira zazpigarren mailako aktore. Aitortu behar dut, Kevinen gainbeherak barregura eman didala. Ez dakit idazle(ar)en asmoa horixe izan den, seriotasun zantzu ñimiñoena ere desagertaraztea. Momenturen batean zelanbaiteko kontu garbiketa ukitua igarri diot, baina berehala baztertu dut. Hau dibertitzeko egindako eleberria da. Bai irakurle gisa eta baita idazle gisa dibertitzeko.

Galdera da, Kevin Herediaren baitan bizi diren Kevin Heredia txikiek zenbat Kevin Heredia daramatzate euren baitan? Eta hauek denek ba al dute beste Kevin Herediarik barnean? Esan nahi dudana da, ez gara denok Kevin Heredia izango? Nik Kevin Heredia irakurtzen nuen literaturaren gaineko kontakizunak egiten zituenean. Berrian. Gustatzen zitzaidan. Eta eleberria atsegina da. Baina ez da zutabea.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak