kritiken hemeroteka

6.866 kritika

Azken kritikak

« | »

Atsekabe zaitut / Irati Jimenez / Txalaparta, 2010

Katu begiekin Leire Zubeldia / Gara, 2010-11-05

Katuak modan jarri dira euskal literaturan. Bilboko kaleak ere hizketagai dira aspaldion delako ordenantza baten ondorioz. Bada, Irati Jimenezek moda-modako bi elementu horiek elkartu ditu Atsekabe zaitut eleberri laburra edo ipuin luzean.

Katu Kale ez da kale bat: “Bilboko bazterretan barreiatutako hiri ezkutua” da. Iluna, tristea, galdua, bazter eta izkinez josia. Hiri hori ez dago denentzako ikusgai. Edo hobe esan: soilik “katu-jendeak” ikus dezake. Eme protagonista eta bere adiskide Hamar-en moduko izakiek, animaliaren itxura eta abileziak bere egiteko gaitasuna dutenek. Katu Kaleko kale, taberna eta teilatuetan ibiltzen dira alderrai Eme eta Hamar. Atsekabe Armadako kideak dira biak. Euren zeregina: atsekabea eragitea. Emek berak, Katu Kaleko fakultatean egin zuen “Atsekabe Zaitut” tesian oinarriturik dago aipatu taldearen filosofia. Bertan idatziak Katu Kaleko lege eta arau bilakatu dira: miseriak ekartzen du poza. Soilik atsekabean bizita baloratzen da zoriontasuna, gizaki ororen helburu dena. Horregatik, Eme-ren zeregina, pertsonak behatu, bihotz barruetaraino ezagutu eta bertan atsekabearen hazia ereitea da. Aldiz, Hamarren egitekoa bestelakoa da: Katu Kalek norabide bakarra du, atzera bueltarik gabekoa. Norabide horretatik aldentzen denak traizio egiten dio taldeari, eta traidoreak garbitzeko dago Hamar.

“Katuek munduari egiten dioten mesedeaz” idatzi zuen tesia etxeko apalategi batean dauka gordeta Emek. Liburuetan, iraultzan eta saminean sinesten zuen orduan. Zuen. Orduan. Baina zerbait gertatu zaio. Katu Kale ikusi zuen unetik profesionaltasun handiz burutu du bere lana. Bere katu-begiekin atsekabez bete ditu Ginebra Erregina, Neke mutikoa edota Tutti Frutti zaporeko izozkia gustatzen ez zitzaion neskaren bihotzak. Baina, orain, lana amaitu gabe alde egiten du. Maleta eskuan Taxi baten zain zegoen emakumea ikusi zuenetik gertatzen zaio hori. Maria Maletaren begietan bihotz birrindu bat ikusi zuen, eta bere biktimaz kupitu zenean “krak” egin zion zerbaitek barruan. Haustura gertatu zen lehengo Eme eta oraingoaren artean. Baina nola eman aldaketa horren berri traidoreak garbitzeaz arduratzen den Hamar lagun-minari? Era berean, egia ezkutatzea ere ez al da ba traizioa egitea? Norbere ideiekin koherentziaz jokatzea edo taldearen ideiekiko leiala izatea, zein lehenetsi behar da?

Aldaketak ez du atzera bueltarik, nahiz eta batzuetan garesti ordaintzen den. Eme pertsonaiak aldatu den pertsona baten barne kezkak islatzen ditu. Finean, ingurukoek aldatu den pertsonarekiko izan dezaketen erreakzioaz hitz egiten digu Jimenezek, eta horrek pertsonarengan eragiten duen izuaz. Beldur arrunta da hori. Inoiz denok sentituko genuen, jendea aldatu egiten baita. Baina izu erreal hori irudikatzeko mundu fantastiko bat eraiki du mundakarrak. Fantasiazko mundu hori ordea mundu errealaren barruan kokatu du. Bilboren baitan dago Katu Kale. Hiri honi, eta egungo gizarteari ispilu bat jarri izan balio bezala da. Jimenezek errealitatera hurbiltzeko erabiltzen du fantasia. Eta noan aitortzera, errealitate hori bikain islaturik agertzen dela ispilu horretan. Bilboko Katu Kale imaginatzeko edo katu bilakatzen diren pertsonak irudikatzeko berriz, Iratz Inziarteren ilustrazio paregabeak ditugu. Hauetaz baliatu zaitezke. Hori bai! Orraztu betileak, jarri zabal-zabal niniak eta begiratu erne-erne. Soilik katu-begiekin irakur daiteke liburu hau. Gogoratu: soilik katu-jendeak ikus dezake Katu Kale.

Azken kritikak

Bidean ikasia
Arantxa Urretabizkaia

Roberto Moso

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Peru Iparragirre

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Iratxe Retolaza

Pekineko kea
Beatriz Chivite Ezkieta

Hasier Rekondo

Iraganik gabe
Felipe Juaristi

Javier Rojo

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Igor Estankona

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Aiora Sampedro

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama
Alaine Agirre

Estibalitz Ezkerra

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Javier Rojo

Dramak
Abelino Barriola

Aritz Galarraga

Labur txintan
Juan Kruz Igerabide

Igor Estankona

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Javier Rojo

Gerrak ez du emakume aurpegirik
Svetlana Aleksievitx

Javier Rojo

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Peru Iparragirre

Artxiboa

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Hedabideak