« Katu begiekin | Galerna »
Hiri gorritik / Asier Serrano / Elkar, 2010
Hirimortua Javier Rojo / El Correo, 2010-11-06
Euskal literaturan orokorrean, baina bereziki euskal poesian, hiriarekiko jarrera kontraesankorra agertu ohi da. Euskal Herria deitzen dugun hau batez ere hiriz osatuta dago, eta euskal idazleen esparru naturala hiria dela esan daiteke. Baina, bestalde, euskal literaturak zailtasunak dauzka toki eroso bat aurkitzeko esparru horren barruan. Are nabarmenagoa da hau poesian. Agian tradizioaren zama izango da, zeren Lizardiren itzala luzea baita oso, baina poetak askoz erosoago aurkitzen dira beren poemak naturalezaren erdian kokatzen dituztenean, hirigune batean kokatzen dituztenean baino. Ondorioa poetok hiriaz ematen duten irudian nabarmentzen da. Ildo honetan kokatzen da Asier Serranoren poesiaren azken emaitza, Hiri gorritik izenburu enblematikoa dena. Hiriaz ematen den irudia hondamendiarekin loturik dago. Hondakinak, herdoilak jandako esparrua da hiria, hirimortua, inguru erasokorra azken finean, eta poetak bere burua finkatu behar du halako inguru baten aurrean. Hiria ez da zabaltzen den lekua, ez da ikusten progresoaren gunea izango balitz bezala, progresoaren ondokoa baita, progresoak bide bazter utzitako zaborraren kokagunea. Halako esparru batean poetaren jarrera nekea eta tristura sufritzen duenaren jarrera baizik ezin daiteke izan. Izan ere, hiriak subjektuak deserrotzen ditu, umezurtz utzita. Hiria modernitatearen metaforatzat hartzen badugu, euskal literaturak modernitatean egokitzeko dituen arazoak ikus ditzakegu jarrera honetan: hiria, halabeharrez, euskal literaturaren inguru deserosoa da.
Edonola ere, Asier Serranoren poesian agertzen den hiria ez da zehatza, ezin dugu ezagutzen dugun hiri konkretu batekin lotu eta gehiago da ideia orokor baten errepresentazioa benetako tokia baino. Beste aldetik, haren poesian ez dira falta gerrari buruzko aipamenak. Gerra hau ere zehaztugabea da, eta existentziaren metafora bihurtuta ikusten dugu bere poesian. Eta existentzia gerra bada, hiria kanposantua bezalako ez-leku bihurturik agertuko zaigu. Hau adierazteko poetak batzuetan surrealismoa gogora ekartzen duten irudi batzuk erabiltzen ditu, askotan ironikoak, eta noizean behin umore beltza erakusten dutenak. Eta leloaren errepikapenak ere agertzen dira bere poemetan, musika-letrei zordun.
Poema liburuak ohiko bidea erakusten du, baina horrexegatik izan daiteke interesgarria, gure mugak nabarmentzen ditu-eta.
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera
Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa
Irati Majuelo
Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua
Ibon Egaña
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Aiora Sampedro
Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig
Jon Jimenez