kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Laugarrenak lau / Gabriel Korta / Egilea editore, 2010

Testigantza umil bezain sakona Beñat Sarasola / Berria, 2010-10-17

Gabriel Korta poeta beteranoa da, hirurogeiak betetzear da. Baina, bere estreinako liburuaren izenburuari jarraiki edo, bide isila egin du gure artean. Lehenengo bi liburuak —Isiletik eta Okaranak— sei urtean idatzi bazituen ere, hamasei urte pasa zituen argitaratu gabe, harik eta 2002an Harri hautsiak kaleratu zuen arte. Tarte horretan eroetxe batean igaro zuen egonaldi bat, eta Harri hautsiak-en esperientzia horren arrastoa iradoki baino ez zen egiten, baina Testigantza-n, besteak beste, irmoki heltzen ahalegintzen da.

Jakina da erotasunaren inguruan tabu, ezjakintasun eta bazterkeria ugari gordetzen dela gure jendarteetan. Iruzkin honetan kontua aipatu ez aipatzeko zalantza ugari izan ditut halaber, baina seguruenik, erotasuna ezkutatzeko izan ohi dugun joeran moralismo gehiegi gordetzen delakoan, pentsatu dut azkenean. Horregatik, eta batez ere Kortaren azkeneko liburuan gaiak duen presentziagatik, berau saihestea absurdoa zatekeen. Hala, eroaren estatus sozialari, eroaren bakardadeari edo eroetxeko egunerokotasunari buruzko poemak dira asko. Esate baterako, erotasuneranzko sartu-irtena labur baina zehatz deskribatzen duen poema da Erotu: ?”Psikosiaren lainopean sartzea izan zen lehena / Gero paranoiak hartu ninduen lepotik / Eta lotan zegoen animalia esnatu zen / Nola defendatu nuen dena / Banatu behar zuenaren zorionarekin?”.

Bere azken lana, ordea, aurreko lanekin osatu bilduman etorri zaigu; Laugarrenak lau izenekoan, hain zuzen. Lan zaharretako ukitu eta berritze lanez aparte, Testigantza da, horrenbestez, liburuko berritasunik aipagarriena. Hori eta zenbait poemarekin batera azaltzen diren Koldo Cadiernoren marrazkiak.

Haatik, interesgarria da ikustea Kortaren poesigintzaren garapena nolakoa izan den. Ez nuke esango aldaketa ikaragarririk jazo denik estreinako liburutik azkenekora, baina badira zenbait kontu aipagarri. Esaterako, nola laurogeigarren hamarkadako poesigintzan hain barneratua zegoen feismo zertzeladak apaltzen joan diren urteak igaro ahala. Bestetik, lehenengo Isiletik hura liburu xumea zen oso, xumetasunetik idatzitakoa, esan nahi baita, eta poemak ere halakoak ziren, labur eta hanpadurarik gabekoak. Ezarian, ordea, poetak bere jardunarekiko konfiantza lortu duela esango nuke, zeina bereziki nabarmena baita Harri hautsiak-etik Testigantza-rako jauzian. Benetan arnas betez, azkeneko bilduman idazten duela iruditzen zait. Inori barkamenik eskatu gabe eta kemen handiz. Hortik uler daiteke, akaso, erotasunaren gaiari halako irmotasunez heldu izana. Horrexek egiten du, orobat, lauetan bilduma interesgarriena, nire ustez.

Idazkera diferenteak erabiltzen ditu errenteriarrak; tarteka sinbolismorantz jo dezake irudi kolpe ederrak eskainiz, edo bestetan egunerokotasunera eta jende ahulenetara —langileak, eroak…— lerratuko du bere begirada. Oro har, egia da Kortaren poesiak halako pathos sarkor eta hitsa duela, baina beti uzten du itxaropenerako zirrikituren bat. Arestian aipatutako xumearen zoriona da berea: ?”Ezer espero ez dudalako / Jasotzen dudanagatik / oparoa iruditzen zait bizitza?”. Bere poesia ez da geratzen, esaterako, Xabier Leterena bezalaxe, desolazioaren sakonetan. Desolaziotik dauden irteeratxoak ibili nahi ditu Kortak, eta horretarako, oroz gain, askatasuna eta maitasuna dira aldarrikatzen dituen balore behinenak. Hasperen egiten duen zoriona da erdietsi dezakeguna hala.

Une hunkigarriak ematen dituen liburu bat eskaini digu Kortak; hunkigarriak, ez zentzu naif-ean, zentzu sakon eta benetakoenean baizik.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak