kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Bitsa eskuetan / Miren Agur Meabe / Susa, 2010

Erreskadan idatzia Igor Estankona / Deia, 2010-10-16

Erreskadan idatzia, geldo eta geldiezin, Miren Agur Meabek Bitsa eskuetan utzi digu testamentu baten antzera, berrogeita hamar urte betetzeko puntuan dagoen sasoian, non atzera begiratu eta akatsak ikusten dituen, aurrera begiratu eta amildegia, poza, tristura, bizitza. Amaieratik hasiko gara, liburu intentsu hau laburtzen duen azkeneko 90. orrialdetik: “Nire itzalak ez nau ukatuko. Poesiak maite nauela dirudi. Koaderno hau itxi dut 2010eko uztailaren 4an, 20:50etan, igandearekin. Min itzela dut eskuetan”. Min hori ez da, ordea, lapitzarena, ezpada aitorpenena, mamuekin egotearena, eta sentitzearena. Liburuaren laburpen on bat gura baduzu, irakurle, ireki 37. orrialdetik eta irakurri zer dioen, liburuan hain ugariak diren zitetako batean, Jose Hierrok: “Gauza orok darama bere baitan hilobia. / Beharrezkoa da jaustea/ larri zauriturik borrokan. / Asko maitatzea. / Asko sentitzea. Ilargia ikustea / gorantz egiten gau askotan / arima ilunpean duzula”. Asko maite duenak asko sufritzen du, baina barruak lasaiago izan ohi ditu, erdi maitatuz bere burua erdi babestuz dabilenak baino. Meabek lotsak gorritzeko moduko lotsa ona darabil. Liburu autentikoak izan ohi dira bereak, eta Bitsa eskuetan mikatz hau ere aurreko Oi, hondarrezko emakaitz (1999, Labayru) eta Azalaren kodea (2000, Susa) bezain ausarta da.

Batetik, gauzarik barrukoenen deskripzioak dakartza —etxea, gorputza, pertsona maitatuen zaintza…— eta, bestetik, zabalera amestuen falta dauka idazleak —itsasoa, hiriak, askatasuna…—. Galera eta irabazteari buruzko poemario itzel honetan denboraren diktadurari ihes egiten dio idazleak, onarpen lasai baten bitartez. Gaztaroa, maitasuna eta seme-alabak joan doazenean ere, plazer sakon bat lor baitezake pertsonak, beste era bateko gaztaro, maitasun eta seme-alabetan. Eta kontsolamendua bila dezake idazkuntzan. Horregatik Bitsa eskuetan ez da ilargiari ahausika dabilen txakurrarena, ez da lekurik aurkitu ezinik dabilen kaleko galduaren oihua. Bitsa eskuetan da edertasunari egindako kantua, uteroan pilatzen diren disgustu guztien kontrako aringarria. Bitsa eskuetan da pertsona hobea izateko gogoa eta onarpen malenkoniatsu bat bizitzarena.

Miren Agur Meabek ezagutzen du poesiaren teknika eta sano tonu gozoa lortu du, liburuari batasuna ematen diona. Batzuetan gogorrak dira esaten dituenak eta beste batzuetan nahikoa zaio baratzeko landareetan begirada pausatzea poesia egiteko, baina orokorrean ideia oso garatuak eta amaiera itxiak proposatzen dizkigu, gaia eta tesia eta ikuskera inposatuz. Amaiera irekiegia duten poemetan —berbarako, 727. gelako besaulkia— ez da ondo moldatzen, baina itxietan, osoetan, perfektuetan, perfektua da. Horregatik gozatu dut bereziki liburuaren azken zatia, Gaua eta gatzaren erritmo ikaragarriarekin hasten dena.

Bitsa eskuetan honetan murgiltzeko, autopurifikazio ariketa honi aurre egiteko, pribatua hain publiko egiten duen Miren Agur Meaberen idazkera ulertzeko ez da ahalegin berezirik egin behar. Hasiera eta amaiera bako poesia da, kontatzen duena baino harago doana: sentsazioen poesia. Egunon, eguna zioen Anna Akhmatovak ere, zer ekarriko zuen jakin aurretik. Akhmatovaren pertsiana zuria bezain zuri daude orrialdeok ere; orrialde zuriak dira elur zuriaren gainean, denon bizitza kontatzen dutenak Lekeitioko idazle baten bizitza kontatzen duten bitartean.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak