kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Hiri gorritik / Asier Serrano / Elkar, 2010

Harrotasuna Igor Estankona / Argia, 2010-10-03

Hasieran Asier Serranok harrokeria jarrera bat hartu duela iruditu zait. Leonard Cohenen arrandikeriaren —“segi arraunean ibaian gora, maitea. Nik ez zaitut abandonatuko”— eta rap kantarien zabarkeriaren arteko —“zaindu zaitez laztana”— tonu distantearekin hasten da Hiri gorritik. Baina liburuak harrotasunerantz egiten du gero, leundu egiten da hizkera apatikoa, eta eibartarrak maitasunari buruzko beste lezio bat uzten digu, bere hitz terrible horiekin. Ondo etorri, atzera be, emakume biluzi eta gizon beldurtien unibertsora, larruzko jakak aldean dabiltzan kantari xamurren letretara, sentimendu eder eta irudi bortitzak nahasten dituen Asier Serrano itzuli delako, finean: zinismo eta apaltasunaren nahaste perfektu horretan erabiliko zaitu berrogeita bederatzi piezatan zehar.

Castillo Suarezek hitzaurre labur bikainean dioen legez, hiri gorrian ezagutu genuen elkar. “Gazteak ginen artean, eta hiri ezezagunean geratuko ginela uste genuen, biok elkarrekin. Hitz egin genuen bizitzaz, heriotzaz eta maitasunaz gainontzeko guztia sobran zela uste genuelako”. Bada hiri gorri bat (Elkar, 1997), Picassoren zaldia (Elkar, 2007) eta oraingo hiri gorri honen artean, izan ere, eten ez den hari bat dago, hirurogeita hamarreko hamarkadan jaiotako poeten soinu banda entzuten da atzetik.

Asier Serranoren poemak leitzea da ametsak errepasatzea. “Ezkontza” eta “arma” eta “bihotza” eta “larrosa” eta “bakardadea” bezalako kontzeptuak ahapaldi berean sartzeko kapaz den mugimendu estetiko bateko idazle gailena oraindik badabilela ikusteko aukera eskaintzen du liburu honek.

Hiri gorritik Picassoren zaldia baino hobea da, eta Bada hiri gorri bat aurreko biak baino askoz hobea begitandu zait, eta orrialdeak pasatu ahala otu zait Serranoren jarioa ez dela etengo, irudimenak bizi duelako idazle hau. Narratiban baino askoz presenteago dago, gainera, bere berba poesian: korapilatsua da, baina erraz ulertzen dugu; poemek ez daukate ia esanahi logikorik, baina ederto adierazten dute adierazi beharrekoa. Epikaren eta poeta erromantikoen amodio ilunaren arteko hiri gorri gehiago etorriko direla badakigu, honenbestez. Hiriok behar ditudala ohartu naiz orain, beharbada. Batzuetan denok behar izaten dugu era honetako artea: buruak atseden hartzen du, eta bihotza hasten da irakurtzen.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak