kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Anphora baita / Pello Otxoteko / Alberdania, 2010

Hustu betetzeko Ainara Maia / Gara, 2010-10-01

Definizioz definizio esaten dit zer den anfora poetak. Eta neure izaera mutura hurbildu naiz.

Hautsi da anfora, eta mila zatitan egin zait barneko kontzientzia. Nahasturik nago olerki sorta hau irakurri ondoren, kaosean murgildurik nabil. Ilargi betearen argitan lainoturik nago, eta goibel zeru udazkendua bezalaxe. Kanpoan kosmosa ikusten dut, eta barnean kaosa, sentimendu nahasiak borborka, poetak bere anfora hautsi horren pareta porotsutik hitz kaotikoak eskaini baitizkit.

Kosmosaren bitasun kaotiko horretan tiraka ibili zait etengabe poeta, eta azkenean ez dakit zer utzi didan sakonean eta zer azalean. Nire isiltasunean irakurri ditut poetaren baitako kosmosa, eta jendearen zarata bilatzen dut orain bakardadean… zoratzen hasi ote naiz?

Nik bederen ez dut neure baitako ahotsa aurkitu, eta ez dakit iritsi zaidan poetaren esentzia. Munduaren pareta bat erakutsi dit poetak, eta neure paretarekin topo egin dut: maitasunez zipriztindutako bizitzaren miraria. Ulyses bere Itakara bidean bezala, bidaiaren amaieran edo Anphoraren hondo-hondoan ohartuko naiz nire bizitzaren esentziaz, denok bezala, ala? Bitartean, bizi.

Beti geratzen da sekula eraberritu ezin daitekeen zerbait, eta horiek izaten omen dira anforaren hondoan gelditzen direnak, eta bizitzaren bidaiaren amaieran gure esentziaz ohartaraziko digutenak. Bitartean, bizi. Eta esperantza guztiak bizitzan jartzen ditu poetak, Anforaren barnean sartzen ditu, kaosetik kosmosera, kanpotik barnera.

Anfora denboraren postontzia omen da poetaren hitzetan, eta Pellori kasu egingo diot: zuzen nabigatzeko izar batean finkatu ditut begiak gau ilun honetan. Ahoa ireki gabe oihu ozen bota nahiko nuke, ohartu bainaiz arimaren zauriak nekez senda daitezkeela, denborak ere ezin senda, eta norberaren zauri horiek norberaren izatea etengabe husten duten zulo beltzak direla. Zulo beltzak kosmosean, unibertsoan, eta askotan geure bizitza zapuzten omen dugu, behin eta berriz atzera eginez bizitza bera gainbegiratzeko.

Eta orduan ez gara bizi. Ez gara bukaerara iristen, eta anfora hausten da. Uneak doaz denboran, eternitate osoan, oinazearen itsasoa amaiezina da, baina ohartzen gara beti dagoela hondartzaren urbazterra beste aldean. Horregatik, izan garenera etengabe begiratzen baldin badugu, ezingo gara inoiz iritsi izan gaitezkeenera.

Enamoratua anfora bihurtzen da, bat-batean hustua maiteaz erabat betetzeko, eta zenbat eta hustuago, orduan eta sakontasunez beteago, zenbat eta maiteago, orduan eta betetasunez sakonago. Hori esan didanean poetak, ni ere aspaldian maitemindurik nagoela oroitarazi dit, eta asko eman eta maite izan dudala, eta neure buruari esan diot nik ere badudala garaia maitatua izateko, betetasunez sakontzeko.

Zerutik zintzilik nagoen izakia naizen aldetik, oraina gauzatuko dut eta ihintz-tantetan busti oinutsik. Amets traketsak egiten saiatuko naiz, errealitatea politagoa izan dadin, eta ispilu berria sortuko al dut poetak bere anforaren baitatik igorritako begirada hautsian!

Denboraren iheskortasunaren iheslariaren gisa, ezagutza edonon topatuko dut, eta txorien hegaldiek uneoro zerua zaurituko didate; ezerezaren fruitu gara, baina fruituaren muinean hazia dugu: jaiotza eta heriotza artean norberaren bide berezi eta bakarra, zenbait ergelkeria ederrez josia. Edan deuseza, irakurle, ezerezaz asetzeko. Horixe poetaren gomendioa. Hustu betetzeko.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak