kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Hamazazpikotan / Karlos Linazasoro / Elkar, 2010

Haikuaren paradoxa Beñat Sarasola / Berria, 2010-09-19

Umore handiz idazten zuen berrikitan Karlos Linazasorok Volgako Batelariak webgunean bere balizko arrakasta eskasari buruz. Kontatzen zuen nola behiala 34 irakurleko idazlea zen eta Urperatze handia narrazioa publikatu ondoren, berriz, 33koa, irakurle batek liburua ?”oso txar?” eta ?”ez erosteko modukoa?” iritzi ziolako Beterriko liburua aldizkarian. Gauzak nolakoak diren, baina. Bere azkeneko liburuak, Hamazazpikotan izenekoak, zenbait komunikabidetan argitaratzen diren Gehien saldutakoak sailean lehenengo postua lortu baitu sarritan uda honetan. Ez naiz zerrendok begiratu zalea, baina arrazoi ezin aitortuzko bat dela medio jardun naiz adi. Harritzekoena, ordea, ez da Linazasorok arrakasta eskuratu duela ustez —horretarako meritu franko egindakoa da honezkero—, baizik eta, izenburuak iradokitzen duen gisara, liburua haikuz osaturikoa dela. Haiku liburu bat. Nork esango zuen haikuek salbatuko zutela euskal literatura —eta, bidenabar, Linazasororen pentsioa— irakurle gabeziatik?

Ezagun da haikua dela Japoniako poesia tradiziotik mendebaldean arrakasta handiena izan duen moldea. Beti aipatzen da, esaterako, haikuak zelako eragina izan zuen imaginismoan, eta zehazki, Ezra Pound-en poesian. H.D, Antonio Machado, Octavio Paz eta beste hainbat poetek jarraitu izan diote, orobat, haikuaren arrastoari. 5-7-5 silabaz osatua, natura izan ohi da poesia mota honetako gai nagusia. Adibidez: Matsuo Basho-ren haiku famatuenetako batek halaxe dio (Ibon Uribarriren itzulpena): “urmael zahar / igelak jauzi dira / uraren hotsa”. Linazasorok, bada, liburuko lehenengo atalean, Naturaren oskoletan izenekoan, natura honetako aleak eskaintzen dizkigu; haiku klasikoetara gerturatzen da nolabait, nahiz eta nabaria den, halaber, mendebaldeko idazle garaikide batek idatzitakoak direla. Alderatu, bestela, arestian aipatu Bashorena tolosarraren honakoarekin: “Txoria ere ez da / errazki kontentatzen: / urpea du ments”. Dena den, gainontzeko bi ataletan ikusiko dugu argi eta garbi haikuaren forma eramaten mendebaldeko poesiagintzaren motibo oinarrizko eta errepikatuenetara. Biok garen maitasuna atala, hala, amodiozko poesiagintzaren tradizioa haikuaren formara moldatzeko ahalegina da; Denboraren eguraldiak atalean, aldiz, gauza bera egiten da auzi metafisiko-filosofikoekin (izana, heriotza, denbora, eta abar). Horietarik asko aforismoak direla esan genezake kasik, ez bada haikuaren silabazioa errespetatzen dutelako: “Zer oparitu / dit biziak? Kenduko / didan guztia”.

Zuhaitz baten gerizpean edo lorategi baten bazterrean irakurtzeko egokiak izan ohi dira haikuak. Soseguz ale bakoitza irakurri eta berrirakurri hamazazpi silabetako zirrikitu guztiak miatu arte. Hamazazpikotan ez da, honenbestez, has eta buka, korrika batean irakurtzeko moduko liburua. Ez dirudi gaur egungo bizitza arrapalazkoari ongi egokitutakoa. Beste behin ere Linazasorok literatur forma ?”periferiko?” bati heldu dio —lehenago, narrazio motzak, aforismoak, poesia eta abar landu izan ditu—, merkatu eta arrakastaren hatzaparretatik landa.

Hortik gehien saldutakoen zerrendan azaltzearen paradoxa. Zerrenda madarikatuok gehiegi aipatzen ari ez ote naizen pentsatuko du inork arrazoiz. Baina gure literaturako zenbait ?”eragilek?” argudiatu izan dutenaren arabera, bada garaia kinka larrian omen dagoen gure literatura (irakurri industria) halako arrunkeriez arduratzen hastekoa, gainontzeko literaturekin (idem) alderatuko bada. Ez esan ez litzatekeela dibertigarria haikuak izatea, paradoxaren paradoxaz, industriaren eta Karlos Linazasororen salbatzaileak.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak