kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Patio bat bi itsasoen artean / Ixiar Rozas / Arabako Foru Aldundia, 2001

Patiora begira Jon Kortazar / Bilbao, 2002-04

Narratzaile gisa ezaguna egin den Ixiar Rozasen lehen poema liburua irakurtzeko aukera izan dut. Eta aukera diot ez baitzait erraza izan liburu-dendatan aurkitzea poema liburua. Ernestina Champourcin Saria irabazi ondoren Arabako Foru Aldundiak argitaratu du. Marrazki aldetik eta paperaren aldetik edizioa txukuna bada ere, bizkar aldean daramatzan grapa biek panflo itxura ematen diote.

Bere txikitasunean, Ixiar Rozasen, esan dezagun behingoz izenburua, Patio bat bi itsasoen artean liburua begiradari egiten zaion omenaldia da. Liburua zabaldu bezain pronto agertzen den Josep Plá-ren aipuak garbi uzten du non sartzen garen: ikuskeraren mundu batean, intimitatearen zirrikituetatik sartzen den mundu baten deskripzioan: “Mundu teatroa zabala eta desberdina agertzen da”. Eta leihotik begiratzea dibertigarria bada Pláren iritziz, horixe egin du Rozasek. Burua leihotik atera eta mundu bat ikusi, eta mundu horren zeinuak idatzi. Lehen poemak ere azpimarratu du ideia hori: “murruek beti xurxulatzen didate istorio berri bat/ eta bat egiten dute/ zure ezpainek azalean izkiriatzen didatenarekin” (11).

Begirada eta idazkera. Ahotsak ongi erabiltzen dituela esan da Ixiar Rozasen estiloa definitzerakoan, hitza ongi moldatzen duela. Eta hemen nitasun baten hitza dugu, tonu oso hurbila, modernismoaren hiztegitik hurbil eta paralelismoz hornitzen den giroa. Hiriaren mapa marrazten du, Bartzelona multi-kulti batena, han dira etorkinak, han auzoko pertsonaiak, baina badago horren atzean zuka bati zuzenduriko diskurtso maitatia. Begiradak agintzen du eta pilaketek joko egin dute hitz jokoekin eta ingenioarekin.

Dena dago tonu minor batean, dena doa tonu melankoliatsu batean. Pertsonaiak agertzen dira, eta pertsonaien argazki narratiboa eskaintzen zaigu poemarik poema, eten gabe mundu bat sortu arte. Eta hala dio idazleak: “paisajeak pilatuz noa/ baso jaioberriak/ lautada irmoak// koadroak diruditen paisajeak/ izozturiko esperientziak/ bizipen iheskorrak” (46).

Mundu horretan ez dira falta nitasunaren garraztasunak. Bigarren zatian irakurraldi berriak agertzen zaizkigu (Prado, Bachmann, Lispector) baina munduak poema horrek adierazten duen modu horretan dirauela dirudi. Interesgarriak dira emakumeek idatzitako mundu baten agerpenak, emakume literaturaren aipamenak, han eta hemen, zeren Rozasek agertzen baitu emakumeen bizitzan diren ezpalarik gogorrenak “bonzo” poeman adibidez, emakume jipoituen inguruan idatzitako poeman, edo “ohiturak” berezian.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak