kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Mentura dugun artean / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2001

Idazlearen liburutegian barrena Ibon Egaña / Euskaldunon Egunkaria, 2002-04-20

Ez dugu deus berririk esango idazlea ezer baino lehen irakurlea dela badiogu. “Irakurle handia izan beharra dago hirugarren mailako idazle izateko ere” aspaldi esana du Anjel Lertxundik. Hala ere, badirudi ahantzi egiten dela sarritan idazlearen irakurle-izaera eta bigarren mailakotzat hartzen dela idazketaren aldean. Horri aurre eginez, idazlearen irakurletasuna aldarrikatzera dator Mentura dugun artean, literatura idazlearen eta irakurlearen arteko komunikazio gisa aurkeztuz.

Lertxundi irakurlea mintzo zaigu saiakera honetan; irakurlearen lumatik idazten digu. Urteetan liburuz liburu, orriz orri aurkitutako gogoetak, egindako ohartxoak eta azpimarrak hartu ditu oinarri egileak literatur saio biribil hau ontzeko. Bere liburutegia erakusten digu Lertxundik, eta idazlearen liburutegia ezagutuz berak idatzi liburuak ere ezagutzen ditugu; izan ere, “irakurleak liburutegian sartzen ditu liburuak; idazleak, berriz, bere liburuetan”.

Liburutegi izugarri aberatsa da idazleak saio honetan erakusten diguna, idazle aparta izateaz gain (edo horren aurretik) irakurle asezina baita oriotarra. Hala, etengabeak dira erreferentzia literarioak liburuan zehar: Grezia klasikotik hasi (Homero edo Herodoto) eta gaur egun arteko mendebaldeko literatur tradizioan barna garamatza idazleak. Saramago eta Kafka, Stendhal eta Calvino, Rilke eta Beckett, Rousseau eta Maiakovski, guztiek dute lekua Babelgo liburutegian. Letra larriz idazten omen den literatura, bai, baina horiekin batera baita euskal letrak ere: Axular eta Gandiaga, Mikel Lasa eta Etxepare, Itxaro Borda eta Lizardi. Euskal literatura duintasunez tratatu eta janzten duen saioa da hau, unibertsaltasuna txokokeriaren eta uniformizazioaren gainetik dagoelako ustea bere egiten duena. Literaturtasuna (“benetako obra artistiko batek berezkoa duen miraria”) Nabokoven nobela batean bezalaxe euskal kopla anonimo baten muinean ikusten dakiena.

Irakurketa eta liburuok oinarri edo abiapuntutzat harturik, literaturaren gaineko gogoeta mamitsuetan abiatzen da Lertxundi, 13 kapitulutan zehar. Irakurle eta idazlearen arteko harremanetik abiatuz, hamaika gai lantzen dira liburuan: fikzioaren eta errealitatearen arteko hariak, tradizioaren eta originaltasunaren arteko oreka zaila, liburuaren hilezkortasunaren auziaS Ez dira apika kezka berriak letren errepublikan, baina bere ekarria egin nahi izan die idazleak, ikuspegi kritiko eta oso pertsonala emanez. Halaber, literaturaz gaindi, arteaz eta estetikaz (eskulturaz edo pinturaz) edo hizkuntzaz eta komunikazioaz ere badihardu saiakerak; finean, literaturaren eta bizitzaren artean dagoen eremu zabal hori guztia baitu kezka iturri idazleak.

Eskutik helduta garamatza Lertxundik tradizio literarioan egindako bidaia honetan. Ia oharkabean egiten dugu jauzi gai batetik bestera, idazle batetik bestera, sarritan atzera berriz hasierara itzuliz. Dotore elkar josten baititu gai askotarikoak, irakurlea galtzeko arriskutik urrunduz.

Goroldiorik ez

Dabilen harria da literatura Lertxundiren aburuz, mugimendu etengabean dagoen zer bizia. Horregatik, tradizioa fosiltzat hartzeari uko egiten dio, eta irakurri ahala berritzen den zera da tradizioa liburu honetan. Mugaz eta hizkuntzaz gaindi dabilen harria da literatura, hizkuntza batetik bestera jauzi egin dezakeena, eta itzulpena du aldarri liburuak. Eta hitza, komunikaziorako tresna bizi eta aldagarri gisa. Horregatik, hitz bizirik gabeko euskal arima proposatu zuen Oteizarekiko kritiko agertzen da, kostunbrismoarekiko bezala, honek gizarte estatiko, iraganean ainguratua erakusten digun neurrian. Goroldioa lotzen baitzaio geldirik dagoen harriari.

Abiapuntu narratiboa dute sarri kapituluek, eta narrazioa eta saiakera txandakatuz agertzen dira, orain bata orain bestea. Hala, gai eta erreferentzia anitzek zail egin zezaketen irakurketa atsegin hutsezko bihurtzen du egileak. Narrazioa eta fikzioa ez datoz, baina, saioa arintzera; areago, uztarturik agertzen dira eta saioak narrazioarekin bat egiten duen puntuan maisutasuna lortzen du Lertxundiren prosa poetikoak. Lehen pertsonan idatzita eta elementu autobiografikoz hornituta, liburua gertuko egiten zaio irakurleari, idazlearen eta literaturaren arteko harreman pertsonal eta oso humanoaren kronika baita Mentura dugun artean.

Hamaika proposamen interesgarri, beraz, Lertxundik ere milurteko berrirako egin nahi izan dizkigunak. Idazleak egiaren monopoliorik ez duela aitortuz eta zalantzari txoko eginez, eztabaida eta hausnarrerako abiapuntu.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak