kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Leihoaren bestaldean / Ines Goikoetxea / Ediciones Beta, 2010

Mendiak ahopeka Igor Estankona / Deia, 2010-07-31

Ahopeka eta tonu pertsonalean ondu du Ines Goikoetxeak bere azken liburua. Leihoaren bestaldean (Ediciones Beta, 2010), Begirada apaletan (2004), Orbain gabeko ihintz tanto txertatuak (2006) eta Hesi gabeko soroak (2008) lanen egilearen bide berean sakontzen duen poesia diskurtsiboaren adibide da: irudi sinpleekin jantzia, naturan hartzen duena atseden, errepikapenean oinarritzen dena. Ines Goikoetxeari entzun egiten zaio berbaz, Nafarroako Araitzez ari denean, aitaren figura gogoratzen duenean zein bizitzaz gogoeta egiten duenean eguneroko sekretuari hitz egiten ariko balitzaio bezala ehuntzen du poetika sano barnekoa, eta beraz askotan besteontzako ezkutua.

Leihoaren bestaldean autobiografiko honetan Ines Goikoetxea pertsona eta Ines Goikoetxea idazlea guztiz batera doaz. Identitate bikoitz horren baitan dago, era berean, arteari buruzko gogoeta bat, sentimenduak adierazteko moduari dagokionez: “Hitzarekin sentiberatasuna, / sentiberatasunarekin poesia, / poesiarekin musika”. Liburuan ageri den diskurtso artistiko idealista honen ajeak dira bakardadearen eta deserrotzearen inguruko gogoetak zein galeraren eta oroitzapenen ingurukoak. Barne-barnekoak eta ia etxekoak diruditen irudietatik abiatuz —aita, iloba, naturako zenbait elementu…— igarotzen da Donostiarra irudi ameslari eta hertsiki poetikoetara: “Hondar bakartian / negu-geldiaren loa, / itsas-olatuan kulunkatua / xuxurla baten lantua”. Platonismo horren adibideak liburu osoan ikus daitezke, “poesia-babesleku” kontzeptuaren bidetik, handinahi bako idazkera baten adibide.

Imajinekin eta metonimiarekin, eta berriro imajinekin, eta amaiera zabalekin —maiz eten-puntuak erabiliz—, Ines Goikoetxearen poemek oroitzapen ukitu bat daukate denek. Autoreak berak dio bizitako paisaiak, bideak, zeruak eta pertsonak gordetzen direla euretan, eta sentimenduz idazten duela, seguruenik “ikusi” egiten duelako hartzailea, aitari dedikatutako poema honen zati honetan legez: “Egun jaio berrien / bataioetan zinen / apez, iluntzeko ordu / belaxketan erretore, / langarraren sareetan / sorgin haize”.

Leihoaren bestaldean euria hasten den poemak laburtzen du estiloa: “…euri-perlak kristalaren ezpainetan, / anpuluz hordituak zeru lerroak, / lausotua urdinaren saihetsa, / kaioen hegalaldia norabide izuan”. Leiho honen bestaldean agertzen da, poema horren bukaeran, hartzailea: Leihoaren bestaldean zu…. Ines Goikoetxeak beste inori idazten dizkio hainbat poema: aitari, bere bizitzako umeei, maitatzen dituenei… eta amultsua, arean tristea, baina orokorrean gozoa da bere tonua.

Klixez baliatzen da, nire gusturako gehiegi, eta irudi ausarten faltak, euri-langar eta paisaia bukolikoen nahasteak, zein sentimendu kontrajarrien sakontasun urriak liburua lodi eta geldo bilakatzen dute. Barneko ispiluari begira-begira, autoreak ahaztu egin du argia ikusi behar duten idazlanek exijentziak dituztela. Liburu auto-ekoitzien desabantailak diren ortografia arazoak —“itsatsis etengabeko melodia”, “ustegabeak”, “ezabaeziña”, “iñola ere”—, eta gramatikazkoak —“Arranoek parapentean / hegohaizearen dantzan, / oihal otoiztuak haizeratuz / Malloen ohatzean”— alde batera utzita ere —eta ez da gai minorra hori—, laua eta mugatua da lana: alegia, enpatia ez dela lortzen bakarrik suabe-suabe kontzeptuak errepikatuz, ezpada irakurketa desberdinak iradokiz, bizitzaren ertz guztiak agerian utziz. Osterantzean halako enpalagu batek hartzen zaitu, eta liburua luze egiten da, samurtasunaren eta samurkeriaren muga lausoetan.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak