kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Sakoneta / Juan Luis Zabala / Susa, 1994

Derrotaren laudorioa Aingeru Epaltza / Nabarra, 2002-04

Literaturan badira ekintzan oinarritutako liburuak, narrazioari gertakariz gertakari erritmo biziz tira egiten diotenak, irakurleari istorio delako bat hasi eta buka proposatzeko asmoz sortuak. Horien parean ditugu, berriz, giza existentziaren erraietan murgiltzen direnak, biziaren kaosari norabide bat aurkitzera saiatu edo, bertzerik gabe, noraezaren testigantza eman nahi dutenak. Juan Luis Zabalaren idazlanak bigarren multzo horretakoak dira, dudarik gabe. “Sakoneta” ipuin bilduma lekuko.

Juan Luis Zabalaren pertsonaiak ez dira zoriontsuak. Are gehiago, betidanik izan diote narda “orekan eta egunerokotasunean oinarritutako zorionari, aldez aurretik finkatutako zorionari, jakinaren gaineko zorion ezinbestekoari”.

Juan Luis Zabalaren pertsonaiek bizi bakartiaren apologia egiten dute, tristuraren gorazarrea, derrotaren laudorioa. Gizarteari gaizto deritze, familiari kartzela ankerra eta askatasunak bakardadea derrigorrezkoa duela uste dute.

Juan Luis Zabalaren pertsonaiak ez dute garaipenean sinesten. Biziaren ihesa galarazteko saioa baizik ez zaie iduritzen, alegia, “garaipenaren bidea hautatzeak zulo zabal eta erosoak zabaltzen dizkiola bizitzaren ihes etengabeari”.

Juan Luis Zabalaren pertsonaiek, aldez edo moldez, literatura dute ihesbide. Batek, ezezagun bati gutunak idazten dizkio, haien balioa “beren ulergaiztasunean, beren zentzugabetasunean” datzalakoan. Bertze batek “desoreka eta desosegua literatura bihurtu eta irakurleari bere erraietan sentiarazten dioten idazlerik gupidagabeenen idazlan ankerrak” maite ditu. Txirrindulari elbarrituak, berriz, idazle izan nahi duela erabakiko du, kirolean egin duen bidearekiko kidetasunak erakarrita: “beharbada, oraindik behintzat, oso idazle ona ere ez naiz —erraten dio bere buruari—, hasieran oso txirrindulari ona ere ez nintzen bezala, baina gerorako itxaropena badut, eta itxaropen horri argi egiteko asmo tinkoa”. Azken batez, bertze ipuin bateko kritikari ospetsu baina frustratuak dioen bezala, nork bere burua kontsolatzea du xede poesiak.

Ez dakigu Zabalaren helburua horixe ote zen liburu honetako hamaika ipuinak idazteari lotu zitzaionean. Bakardadearen eta ezintasunaren metafora eder bat utzi zuen, behintzat, irakurlearen eskuetan.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak