kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Desira desordenatuak / Askoren artean / Utriusque Vasconiae, 2010

Gay-lesb irakurketak Beñat Sarasola / Berria, 2010-07-18

Utriusque Vasconiae argitaletxearen Kritika Literarioa saileko azkeneko alea da Desira desordenatuak. Queer irakurketak (euskal) literaturaz liburu kolektiboa. Ibon Egañak apailatutako lan honetan, (euskal) literatura queer ikuspegitik aztertzea da helburua. Horretarako, testu arras diferenteak biltzen dira, euskal autoreek nahiz atzerriko teoriko famatuek idatzitakoak, azken hauek, jakina, euskarara ekarriak.

Egañak berak hitzaurrean aipatzen duenez, euskal literaturan queer kritikaz egindako orain arteko lanak biltzen saiatu da, eta hala, esparru honi buruzko lehenengo liburua izateaz batera, aukera ona da edozein interesaturentzat liburu bakarrean idazki hauek guztiak edukitzeko. Bost ataletan multzokatzen dira artikuluak, eta atentzioa ematen duen lehengo gauza gay eta lesbianen inguruko testuen nagusitasun nabarmena da. Generoaren eta sexualitatearen gainerako aukerak azkeneko atalean —Generoaren (des)eraikuntzak— hausnartzen dira ia soilik. Hitzaurrean bertan aitortzen da gabezia hau, baina nago azpitituluko queer horrek nahasmenera eraman dezakeela irakurlea. Zentzu horretan, nahiko argigarria da Monique Wittig, Beatriz Preciado eta Kattalin Minerren hainbat kritika ene ustean egoki eta zorrotzek aurretik egindako irakurketa bat baino gehiago eztabaidatzen dutela. Adibidez, ikusi besterik ez dago irakurketotan ez dela bisexualitatearentzat edo sexu aukera anbiguo eta aldakorrentzako espaziorik.

Kontuak kontu, autoreoi gai hauek behingoz —tamalez, beranduegi— euskal literaturara ekartzeko ahalegina aitortu behar zaie; beste merituen artean, euskal literatura prisma berri batetik irakurtzeko aukera ematen digutelako. Ildo honetan, ikerketa bide honen emaitza aipagarrienetako bat da Itxaro Bordaren literaturaren (bir)baloratzea. Borda da euskal literaturan generoaren inguruko gorabeherak literaturan zabal eta, seguruenik, egokien islatu dituena. Joseba Gabilondok aurretik idatzi izan du honen inguruan, eta Desira desordenatuak-en topa ditzakegu bere poesia klabe horretan irakurtzen duen artikulua —Ibai Atutxa— eta Amaia Ezpeldoi protagonista duen tetralogia aztertzen duen testua —Iratxe Retolaza—, Bordak berak idatzitakoaz —Gaiaren minean— aparte.

Liburuan, esan bezala, denetarik dago. Angel Erroren gay poesiaren antologiatik, genero eta performance-ari buruzko Preciadoren testu teorikoraino, Gabilondoren manifestu marianoa tartean. Ez da hau testu guztiak banan-banan zerrendatu —aurkibidea begiratzea besterik ez du interesatuak— eta aztertzeko lekua, baina Gabilondorenaz pare bat ohar egin nahiko nuke, berea baita liburuko testu kitzikagarrienetako bat. Kanp eta kitxaz baliatzen den literatura mariano sasikoa aldarrikatzen da manifestuan, eta berau aurkezten euskal literaturako ohiko (antza denez) testu hotz, aspergarri, serio eta masokisten alternatiba gisa. Ondo legoke, hala, Gabilondoren azkeneko fikziozko lana —Apokalipsia guztioi esplikatua— artikulu honen begiradapean irakurtzea. Gehiegizkoa eta friboloa iruditu dakioke inori testua, baina tonu hori idazkiaren beraren izaerarekin —manifestu bat da— eta autoreak goratzen duen kanp kulturarekin justifika daiteke. Niri gehiago kirrinka eragiten didana Gabilondo oraindik atxikia dagoen diskurtso posmoderno hori da. Inpresioa dut azken hamarkada honetan erakutsi diren gauzetako bat izan dela marko teoriko horren herdoildura. Gabilondok, baina, horretan jarraitzen du, ezkerraren amaiera iradokiz eta best sellerrak goretsiz, enegarrenez (eta asperduraz).

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak