kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Sinesmenak eta usteak / Agustin Arrieta-Urtizberea / Alberdania, 2010

Zentzu komuna gidari Beñat Sarasola / Berria, 2010-07-04

Agustin Arrieta-Urtizberea ez da ezagunegia, seguruenik, euskal kulturaren plaza publikoan. Haatik, bere liburu eta eskoletatik (EHUko filosofia irakaslea da) igaro den edonork laster egiaztatu dezake gure arteko pentsalari finenetakoa dela. Filosofiako tradizio analitikoan txertatutako gogoetak dira bereak, eta ildo honetako filosofo behinenei jarraiki, bisturiaren zorroztasunarekin aztertzen ditu arazo filosofikoak, adibide argigarri eta zehatzez hornitutako azalpen xeheen bitartez. Horrek guztiak eragiten du haren idazkera filosofiaren ohiko irudi abstraktutik erabat urrun egotea, eta, honenbestez, harenak “publiko guztientzako moduko” testuak izatea, oro har.

Liburu berria, oroz gain, zentzu komunaren aldarri garbia da; izatez, izenburu osoa Sinesmenak eta usteak. Zentzu komunaren alde da. Sinesmen, uste eta iritzien analisitik abiatzen da liburua, hots, hiru kontzeptu horien ezaugarriak aztertu eta beren arteko ezberdintasunak ebaluatzetik. Hala, usteak nola finkatu ohi diren azaltzen digu, hiru eredu nagusi aurkeztuz: ostrukarena, autoritatearena eta koherentziarena. Eredu horien ordez, aldiz, zentzu komunarena da defendatzen duena, zentzu komunak izan behar duela usteen oinarri, alegia. Eredu hori dago, halaber, Arrietaren ustez, eredu zientifikoaren sustraietan, eta, honenbestez, esan dezakegu eredu zientifikoa zentzu komunaren sofistikazio bat dela funtsean: “zientziaren ikerketa-bidea zentzu komunaren ikerketa-bidearen jarraipena edo luzapena edo hobekuntza da”. Bestalde, zentzu komunaren baliabide nagusiak dira: zentzumen-behaketa, oroimena, indukzioa, dedukzioa eta abdukzioa. Ezagunak dira filosofiaren historian baliabide horien inguruan hainbat pentsalarik ipinitako arazoak —esaterako, liburuan maiz aipatzen den Hume bera, indukzioa dela eta—, baina lan honetan arazo horiei ez zaie heltzen (urrunegi joatea litzateke-eta seguruenik). Badirudi, zentzu komuna eta haren baliabideak onartzeko argudio nagusia honako hau dela: “gizakiak eguneroko bizitzan eredu hori naturaltasunez erabiltzen duela”. Iruditzen zait puntu hori izan daitekeela argudiatze osoaren ahulguneetako bat; izan ere, alde batetik eztabaidagarria baita gizakiak benetan eguneroko bizitzan nagusiki eredu hori erabiltzen duelakoa (grinak, nahiak eta abarrekoak aparte); bestalde, ez dakit eguneroko bizitzako balizko erabilera aski justifikazio sendoa ote den zentzu komuna osoki sostengatzeko.

Zentzu komuna, liburuan azaltzen den gisara ulertuta, bederen, modernitateko kritika kontzeptuaren senidea dela esan dezakegu. Gogoan hartu Kanten dogmatismoaren kontrako “Sapere aude!” famatu hura, kritikarako —eta zentzu komunerako— ezinbesteko jarrera ezartzen duena. Bide horretan uler litezke liburuko erlijioari buruzko kapituluak, eta planteamendu honekin bat egiten dudan arren, ez legoke gaizki aintzat hartzea, akaso, dogmatismoak badituela milaka aurpegi.

Bestalde, liburua hasten da usteen gaineko ikuspegi subjektibista kritikatzen, eta, beraz, beren dimentsio etikoa azpimarratzen. Lanean aurrera egin ahala, ordea, eta aurreko ideia horrekin apur bat kontraesanean, zientzia, etika eta estetikaren arteko ezberdinketa markatzen da gogorki. Ezberdintze horiek besterik gabe bertan behera uztea absurdoa dela uste dutenen artean nago, baina, nago liburukoa zedarritzea zurrunegia ez ote den. Zurruntasun horrek eragiten dio, orobat, zentzu komuna zientziaren eremuan arazo handirik gabe aplikatzeko gai izatea; baina, aldiz, etikan, eta bereziki, estetikan, problematikoagoa izatea.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak