kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Anphora baita / Pello Otxoteko / Alberdania, 2010

Zati bakoitza anphora Igor Estankona / Argia, 2010-06-27

Poiesis: zerizanerako pausoa manifestua plazaratu zutenen artean dago Otxoteko. Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi eta Juan Ramon Makusorekin batera, poesiaren balioa berreskuratzea funtsezko ikusten du, ideietan ekiteko, transmisiorako eta arrazoiaren aurrerapenerako errebindikatuz poetika. Manifestu kide horien guztien izenak datoz Anphora baitaren esker emateen lehenengo orrialdean. Ariketa literario hutsetik harago doan poesia berreskuratzea du liburu honek ere helburu: auzi unibertsalen inguruan pentsatzeko modua da eurentzat poesia, eta kontzientzia horrekin idatzia dago Anphora baita.

Finean, egia da: greziarrentzat poetika sorkuntza osoa zen, artea bera, edo gutxienez literatura osoa. Ez uste, ordea, lirikarik aurkituko ez duzunik liburu honetan. Irundarrak leun erabiltzen ditu, beharrezkoa denean, irudi leunak. Hala ere, nagusi da poesia filosofikoa, anforaren metaforan oinarritua. Anforaren forma borobilduek eta filosofiaren hizkuntza bihurriak ematen diote batasuna liburuari.

Kode poetikoa eta filosofikoa nahasten diren lan honetan, hortaz, moralaren auzia, denboraren joana, kosmosa… denetik kabitzen da, olioa anforan legez. Aitor Espiek egin dizkion ilustrazioetan ere ageri da bilaketa etiko hori. Anforaren “zatien bila” dabil Otxoteko, anfora osoa eta betea mundu ideial batean kokatuz: “Anphoraren barrunbea zabaltzen da / aldiro-aldiro gauza gehiago sartuta. / Eta etengabean husten ari den Anphorak / ba al du gutxieneko barrunberik?”. Morala bada libertatearen eta zuzentasunaren azterketa egitea, Anphora baita moralaren inguruko liburua da, antzinateko poetek egiten zuten poetikaren bidetik. Gogoetak gogoeta dakarren liburu pausatu horietakoa da, eta abstrakziorako joera nahitaezkoa du.

Bestalde, eta aurretik esan dugunari arean kontra eginez, galderaz beterik dago Anphora baita. Bertan irakurleak ez ditu aurkituko segurantzak edo heldulekuak, dudak baino. Airean bezala sentituko da lerrootara hurreratzen dena, eta nahiz eta kontzeptuak astunak izan —egia, gezurra, eboluzioa, etika, poesia, zoriona, oroimena—, poemak biziak dira, gero eta biziagoak, harik eta azken zatian aforismoaren mugetara iritsi arte. Bere bibliografía osoan lez, oraingoan ere Otxotekok barre egiten die garaiko dudei, hain modernotzat dauzkagun zalantzei. Tai gabe errepikatzen den irudiarekin gogorarazten digu gizakiaren xede bakarra ahaztura izan arren maiz —sufritzeari uzteko, indibidualtasunean bakartzeko—, argi berberak jotzen duela betidanik gure anforaren ahoan, hondoa inoiz argitu ezinik.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak