kritiken hemeroteka

6.908 kritika

Azken kritikak

« | »

Kontrarioa / Lander Garro / Susa, 2010

Gure gazte ozpinduak Bixente Serrano Izko / Berria, 2010-06-20

Eskola porrotaren kumea, ez, baina, eskuleku faltagatik ikasketetan interesa pizteko: irakurtzeko zaletasuna ez da bide malkartsuegia ume eta nerabe bat eskola-programetan sarrarazteko, hauen gidariak gehiago arduratuko balira ikasle bakoitzaren baitan pizten joaten diren gaitasunaz, programa hertsiak betetzeaz baino. Idazle izan nahi du protagonistak, baina asperdura baizik ez du bizitzen eskola-orduetan. Berdintsu bere lagun banaezina, xake zale amorratua berau.

Orain, 20 urteko adinean, asfaltoko izakiak dira, gau-txoriak, orduak eta orduak pasatzen dituztenak taberna ziztrin batean xake partidetan, botilak garagardo etengabe husten, gero nor bere etxera joateko. Oliveira protagonistak, ama alarguna aurkituko du etxean edo eskailerak jaisten goizeko ordu txikietan arrandegiko lan arruntera doala. Komunikazio falta erabatekoa bien artean, ez bada amaren presioarena seme alfer eta baldarrak lan eta diru-iturriren bat lor dezan.

Pertsonaiak ez dira errebeldeak, ez behintzat borrokalariak, Orereta bezalako herri batean espero genezakeen bezala. Jende ozpinduak dira, beren inguruko mundua kontrariotzat jotzen dutenak, eta kontrarioa funtsean euren barnean daramate. Xake partida bat bezala ikusten dute bizitza, eta haiek ez dira bertako fitxak, piezak baizik, jokaldietan ez, mugimenduetan ibiltzen direnak: xakea ez da, hain zuzen, joko bat, bizitza bera da. Auto-estimu eskasa: “Harrigarria egiten zait eskolan huts egiten duen jendeak zein iritzi txarra izaten duen bere buruaz. Eskolaz gaizki hitz egiten dute badakitelako eskolak bazuela arduraren bat, baina azkenean beti esaten dute eurak direla errudunak. Eskola ongi moldatzen da ikasleen buruetan erru sentimendu hori uzteko”. Oliveirak ez du lan egin nahi, lana diru-iturri hutsa da, bizirauteko ozta-ozta; lan egin ez baina idatzi nahi du, edo hobe erran idazle izan nahi du, guk ez jakin arren noiz eta zer idazten duen. Hori bai, sarri agertzen zaigu ametsetan, kazetariak-eta atzetik, bere liburu bikain eta arrakastatsuaz galdezka. Amaieran baizik ez dugu ikusiko idazten, liburu proiektu bati hasiera ematen, eta pozik horrengatik, hain pozik non berehala aterako baita eguneroko lagunengana eta tabernara.

Bertze ezaugarri askok osatzen dute bikain, sinesgarri eta natural-natural diseinaturiko protagonistaren izaera. Zirt edo zart egiten du juzgu gauza guztiengatik, ozpindurik beti, baina hondo-hondoan normal izan nahiko luke; ez du arrakastarik emakumeekin, haiengan ipurmasailak edo titiak baizik ez du ikusten, baina lotsatia da eta funtsean haien beldur dabil, bikote-harreman hasi berriak laster ere apurtzeraino; bere azkeneko liluramenduak, Paularekikoak, eramanen du liburu-proiektura, baina hau, bertze ezer bainoago, aitzakia izanen zaio neska ikusten jarraitzeko, nahiz eta auskalo… Nerabe arrunt bat bezala erresumintzen da amak maitalea aurkitu eta etxean sartzen duelako; berak eta lagunek euren gurasoengandik libre bizi nahiko lukete, baina hala holako babes erosoari muzin egin gabe.

Pertsonaien diseinuak, gauzak kontatzeko moduak eta pasarteen atzetik susma daitezkeen gogoetek egiten dute eder-ederra eleberri hau. Digresio teorikorik ez, lagunen arteko elkarrizketa lakoniko eta ituan zuzen-zuzen jotzen dutenak, kale eta etxe eta tabernetako —eta burmuin barneko— ibileren kontakizunak, arrunt-arruntak gehienak baina galbiderik gabe daramatenak irakurlea narrazioak bilaturiko mundura. Bukatu bezain laster berrirakurtzeko grina piztu dit eta, tentazioari eutsi ezinean, hala egin dut.

Azken kritikak

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Peru Iparragirre

Kaliforniatik bihotzez
Joseba Gabilondo

Aritz Galarraga

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Ibon Egaña

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Javier Rojo

Begoñaren itzalpean
Jose Inazio Basterretxea

Mikel Asurmendi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Aiora Sampedro

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Joannes Jauregi

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Estibalitz Ezkerra

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Javier Rojo

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Peru Iparragirre

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Amaia Alvarez Uria

Itzulera
Martin Bidaur

Hasier Rekondo

Ametsondoa
Peru Magdalena

Javier Rojo

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Artxiboa

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Hedabideak