kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gasolindegian / Yurre Ugarte / Alberdania, 2010

Gasolindegian erretzen Leire Zubeldia / Gara, 2010-06-18

Liburuaren azala da pospoloa: gasolina surtidore bat, barruan harrapatuta dagoen emakume bat, giza-garuna agertzen den poster-a eta txorimalo bat paisaia laranja gorriztatu batean. Denbora eman dut elementu hauei begira, denak istorio batean nola elkartu daitezkeen pentsatzen. Liburua irekitzean aurkitu dut lehenengo pista: lehenengo manifestu surrealistaren aipua. Pospoloaren gar txikiak atzamarrak erretzen ditu jada. “Notrèdam-eko konkorduna autobusean doa” hasi da lehenengo ipuina. “Konkorreko zamak bultzatuta gauza harrigarriak egiten omen dituzte konkordunek”, irakurri dut ipuinaren hondarrean. Eta bai; gasolindegiko konkordunak gauza harrigarria egin du. Pospoloaren garttoa sutzar bilakatu da, norbaitek gasolina bota izan balio bezala. Eta suak indartsu iraun du, ipuinez ipuin, liburua amaitu arte.

Autobuseko konkorduna da sua pizten duena, baina ipuinez osatutako nobela honetan Rakel eta Claudiu pertsonaiak jartzen ditu irakiten Yurre Ugartek. Irunen bizi den idazle tolosarrak ez dagokion lekuan dagoen pertsonaiaren istorioa kontatu nahi izan du. Rakel arte ederretan lizentziatua da, eta bizitzak (edo gizarteak) gasolindegi batean lan egitera eraman du, sortzaile izateko prestatu den pertsona lan mekaniko batean jarriz. Claudiu berriz etorkina da, errumaniarra. Honen egoera ere ez da batere desiratua, Rakelena bezala. Baina biek bizi duten errealitate makurrak INEMeko bulegora eramanarazten dituzte, eta han egiten dute topo. Sua, maitasuna, sortzen da bien artean. Egoera makur batek egoera hobeago batetara nola eraman zaitzakeen iradoki nahi izan du egileak. Amaiera esperpentikoa du, baina ez tristea. Baikortasunerako deia iduri dezake.

Idazleak berak esana da, errealitatea dela bere literaturaren abiapuntua. Zinez erreala da ez dagokion tokian dagoen pertsonaren irudia; eta zinez errealak, arruntak, dira pertsonaiak ere. Baina errealitate arrunt horretatik harago, Yurrek muturreko egoeretara eramaten ditu eleberriko protagonistak. Egoera horiek urrun daude ohiko errealitatetik, baina arraroak iruditu arren, errealitate izan daitezke. Hala izan ezean, istorioa ez litzateke sinesgarria izango, eta niri behintzat sinesgarria egin zait. Zentzu horretan lagungarria gertatu zaio idazleari konkordunaren figura: ohiko errelitatearen eta fantasiaren arteko zubi modura erabili du, egoki, eraginkor.

Zazpi ipuinez osatuta dago eleberria. Era independientean irakurri daitezke, ipuin bakoitzak bere istorioa kontatzen baitu, ipuin bakoitzak gordetzen baitu mundutxo bat; baina multzoan irakurrita, istorio bat osatzen dela konturatuko da irakurlea. Ipuin guztiak kronologikoki harilkatuak daude, pertsonaiak batean eta bestean agertzen dira, eta narratzailearen ahotsa errepikatzen da. Oso da nabarmena istorioen arteko harreman hori; honebestez, ia ezinbestean nobela baten gisan irakurriko du irakurleak.

Gauza harrigarriak gertatzen dira gasolindegian. Hain harrigarriak non batzuetan birgarren irakurraldia beharrezkoa den gertatutakoa irensteko. Ipuinetan ez dago ezer soberan, ez dago alferrikako hitzik, dena hartu behar da kontutan. Alde horretatik ahalegin bat eskatzen dio irakurleari. Adi irakurriz gero erre egingo zara. Oharkabean egindako irakurketak aldiz, ez hotz eta ez bero utzi zaitzake. Zuk aukeratu.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak