kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Anphora baita / Pello Otxoteko / Alberdania, 2010

Paradoxak Beñat Sarasola / Berria, 2010-06-06

Anphora irakurrita euskal poetaren baten testuetan, ezinbestean etortzen zaizkigu gogora Bernardo Atxagaren Etiopia nahiz Ruper Ordorikaren Hautsi da anphora. Ondo daki hori Pello Otxotekok (Irun, 1970), eta izatez, esan daiteke metafora horren erabilera, bere azkeneko lan honen izenburuan bertan azaltzen dena, nagusiki handik hartzen duela. Alabaina, alde batetik, azpimarratu beharra dago ez dela hori Otxotekok jasotzen duen testuarteko erreferentzia bakarra, halako ugari topatu daitezkeelako (Rimbaud, Oteiza, Keats handiaren ontzi greziarra, Einstein, Holderlin, Malevitx…); bestetik, Etiopia eta Anphora baita gainontzean oso liburu ezberdinak dira, idazkera zein tonu aldetik.

Otxoteko ezaguna da poemategiz poemategi filosofia eta poesia batzeko egiten duen ahaleginagatik, eta honakoan ere bete-betean heltzen dio erronka horri. Anphoraren metafora gidari, filosofiaren gai potolo eta abstraktuenei buruz idazten du poetak etengabe: edertasuna, egia, denbora, heriotza, etika, estetika, eta abar. Anphora bera izanaren edo izenda-ezinaren ordezkotzat har dezakegu, eta hizkuntzak errealitatea heltzeko duen ezina adierazten du nolabait. Gai zaharra da honakoa, hala poesian (mistikoetatik Jose Angel Valente batenganaino, erromantikoetatik pasatuz) nola filosofian (aurretik badator ere, Nietzsche da, seguruenik, lehenengo erreferente nagusia). Filosofo garaikide garrantzitsuek (Jacques Derrida, Theodor Adorno) egin bezala, lokatze hau adierazteko aporiak azaltzen zaizkigu behin eta berriro liburuan, ebazpenik ez duten ezbaiak, aska ezin daitezkeen kontraesanak, eta hala, oximorona eta paradoxak dira baliabide poetiko erabilienetakoak: “Isiltasun ororen musika”, “Oihurik ozenena / ahoa ireki gabe sortzen da”, “Gogoetak ahaztu arren / ahazten ditudala oroitzen naiz”.

Anphora baita hiru zatitan banatua dagoela esan daiteke, nahiz eta ez dagoen horrela banaturik esplizituki. Zati luzeena izenbururik gabe datozen poema motzek osatzen dute, zeinak aforismo edo aipuetara gerturatzen baitira. Mikropoema modukoak direla esan dezakegu, edo are, poema txikiz osatutako poema luze bat, elkarren arteko lotura agerikoa aintzat hartuz. Honen ostean Keats-en Anphora izeneko poema dator, eta amaitzeko, Anphoraren ariketa metafisikoak izeneko atala, non hogei poema edo “ariketa” irakur ditzakegun. Nolanahi den, hasieran esandakoari jarraiki, batasun handiko liburua dela berretsiko nuke, gai eta idazkera bertsuen inguruan ondutakoa.

Bestalde, izaera oso markatukoa dela ezin ukatu, poesia eta filosofia zentzu klasikoenean harremanetan ipintzen dituena. Hortaz, poesia modu hauek maite ez dituenak nekez asebeteko du Otxotekoren azkeneko lanak, eta alderantziz, halakoak maite dituenak nekez topatuko du ezer harrigarririk.

Posmodernitatearen sukar berantiarra pairatzen dutenek errazkeriaz errepikatu ohi dute dagoeneko joanak direla literatura eta artean berritasuna bilatzeko garaiak, hots, abangoardiaren garaiak, eta geratzen zaigun bakarra dela historiako literatur moldeen pean idaztea. Hala, modernismoaren aurretiko hainbat tradizio poetikotatik edaten duen liburua da Anphora baita, tradizioa irauli baino imitatu nahi duena. Berpizkundekoa abangoardista bainoago. Liburuan azaltzen diren paradoxen antzera, hemen ere beste batekin egiten dugu topo. Itxuraz ezin klasikoagoa den liburua ezin posmodernoagoa da funtsean, literaturako aukera zabalen artean beste bat besterik ez. Ez du inor ezustean harrapatu eta asaldatuko, baina ez du inor engainatuko ere.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak