kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Laranja azalaren negarra / Irati Jimenez / Kutxa, 2008

Heriotzak bizitza dakarrelako Gema Lasarte / Argia, 2010-06-06

Ez da gaurkoa narrazioa, izan ere, Donostia Hiria Literatur Saria irabazi baitzuen 2008an, baina ez da horregatik zahartu Laranja azalaren negarra. Liburu hau kontura ekarri dut, hain zuen ere, ez diodalako irakurri zaharra Jon Kortazar idazle eta literatur kritikariari, euskal literaturen kanona aldatzen ari dela. Erabat gizondua ibili dena periferiak iradokitzen hasia dela, eta horren lekukotzat irakurlea jartzen zuen. Azkeneko hilabete hauetan liburu irakurrienen artean hiru emakume idazle aipatzen zituen: Irati Jimenez bera, Karmele Jaio eta Uxue Alberdi.

Hiru egileak pertsonaia femeninoetan babestu dira azken hiru eleberrietan amatasunaz, heriotzaz, bakardadeaz, genero indarkeriaz… beste gai askoren artean mintzatzeko. Laranja azalaren negarrak gai horiek guztiak berekin ditu, baina bi ardatz tematiko ditu batik bat. Batetik, emakumeen konstelazioa edota emakumeen arteko sarea begi bistan uzten du. “Bera ama zen, eta amona eta amonaren ama eta amaren iloba”. Emakumeen mundua ikusgarri bilakatu ez ezik, aita absentearen papera azpimarratzen du protagonistak: “Aita beti lanean”.

Denbora tartekatua darabil Jimenezek, sistole eta diastolearen erritmoa narrazio osoan barreiatuz. Umea, amonaren gonapean, etxezuloan hazia, hiltzen ikusiko dugu. Amonaren heriotzak eramango du betirako haurra, neska gaztea narraziora jaiotzeko, heriotzak bizitza dakarrelako. Heriotza desmitifikatzeaz gain, bada beste gai sakonik ere Jimenezen ipuin motz honetan, loditasuna, familiaren porrota edota dibortzioak. “Dibortziatutako gurasoen umea naiz”.

Haurtzarotik nerabezarora egiten duen bidaia honetan Jimenezek poesia du bidaide. Jon Kortazarrek elkarrizketa berean aipatzen zuen, beste berrikuntzetako bat, genero nahasketan legokeela eta ipuin honek ere badu zertxobait hortik: ipuinetik, eleberritik, kantatik eta batez ere badu poesiatik. Bukaeran korapiloa askatzeko orduan, galdera erretorikoak besterik ez baitira geratzen. “Nora doaz umeak, pertsonak hazi eta ahazten dituztenean?”. Nora hildakoak, galdutako kiloak, garbitutako zikinkeria guztia. Horiek emakumeen eginkizunak, ikusezin eta neurtezin direnak. Baina batez ere maitasun liburua da Laranja azalaren negarra, haurrak amonari aitortzen diona, inkondizionala. “Eta orduan pentsatu zuen amona zela benetan umea maite zuen bakarra”. Ume lodia maite zuena. Gizartearen arauetatik at geratzen den loditasuna, oskolik gabe, laranja azalik gabe, bere horretan haurra zen bezalakoxe maite zuena.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak