« Bestearen begirada | Poz eta tristura »
Aldaira urdinak / Edu Zelaieta / Alberdania, 2010
Aldakuntza Igor Estankona / Argia, 2010-05-30
2004ko Mugaldekoak poemategitik hona aldaketa sumatzen da Edu Zelaietaren tonuan –gogoetatsua–, ereduetan –klasikoagoa– eta mezuan –intimoagoa da Aldaira urdinak–, baina orduko liburu hari buruz esan genuen lez oraingoan ere esan dezakegu gasteiztarrak poemetan emeki barneratzen duela irakurlea, itsutu barik, berdatu barik.
Orduan lez oraingoan ere, aldarria eta oihumina erabili beharrean, Zelaietak solasaldi xamur bihurtzen ditu bere betiko obsesioak: aberria, muga, banaketa, amodioa, migrazioak… eta denen gaindi, aldaira berriak, aldantzak, mudantzak.
Idazleak dio dagoeneko ez dela toki berean bizi, bere sorleku den Gasteizko Alde Zaharretik hiriaren kanpoaldeko Salburua auzo berrira egin berria dutela aldaira: “Baina mudantza hori ez dut mudantza bakarra. Ari naiz gaztarotik gauzarik behinenak biltzen. Ari naiz dudak eta beldurrak esperantzarekin nahasten, iragana geroarekin uztartzen”. Heldutasunaren eta atzera begirakoen poemategi honetan edertasunean eta umorean pausatzen da idazlea, emeki, bizitza deskribatzerakoan. Atzekoz aurrera poema, esate baterako, erritmoduna, bisuala, hunkigarria da. Eta ustekabeko satiraz bukatzen da, oraindik sakonago eroanez, kontraesanarekin, irakurlea: “Eta bizitzak lardaskatuta nauka une horretan, lurraren magalean jaio. / Atzekoz aurrera, ehorzteko gastu ergelik gabe”.
Beste poema askok, ostera, berriak Zelaietaren diskurtsoan, ez naute asebete. Inbentario likidoak ataleko gehienak –hala nola Libanoko istorioa— ez dira efektiboak, narrazio erdi-magikoaren mugan dabiltza, inora iristeke.
Aipatutako bilaketa horri esker, egiari zor, Marmoken kontua da denbora eta halakoak aurkitu ditugu; poema handinahiak eta era berean arinak, errealismo kritikodunak, hitzen azpian zer edo zer gordetzen dutenak.
Itxuraz ezdeusa den elea pisua irabaziz eta ekintza poetiko bihurtuz doa pitinka. Menturaz poesiaren azpiko korronteen eta isiltasunaren –elipsiaren– beraren lanketan sakontzea falta zaio, isiltasun horietatik sor daitezen beste hitz batzuk, eta beste isiltasun batzuk, eta beste hitz batzuk… Falta zaio, zentzu horretan, tenple apur bat gehiago, bere kontakizun txikietatik abiatuz zerbait sublimeagoa lortu ahal izateko. Asmatu duen orduan gozatu egin dugu, baina Edu Zelaietari, uneka, materiala agortu egin zaio Aldaira urdinak honetan.
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera
Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa
Irati Majuelo
Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua
Ibon Egaña
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Aiora Sampedro
Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig
Jon Jimenez