kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Esan gabe doaz / Karlos Linazasoro / Utriusque Vasconiae, 2009

Esaten jarraitzen du Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2010-05-16

Aforismo hitza zama handiegia da, antza. Hala ematen du, behintzat, Karlos Linazasorok orain arte argitaratuko aforismo liburuak izendatzeko erabili dituen moduei erreparatuta. 2003an kaleratu zuen lehenengoa, Isiltasunaren adabakiak, zeina Apunteak 1998-2001 izenarekin lagunduta plazaratu baitzuen. Hurrengoa 2006an argitaratu zuen, Beti eder dena izenekoa. 2002 eta 2005 bitarteko pentsamendu laburrak bildu zituen orduan, eta liburuaren kanpoaldean “Aforismoak” gisa sailkatuta bazeuden ere, barruan “apunte” deitu zituen izenburu nagusiaren azpian. Orain arteko azkena, berriz, iazko azaroan argitaratu zuen, eta aforismo baino ez ditu deitu.

Egia esan, ez du erraza izan behar aforismoak argitaratzea, norberaren burutazioei testuingururik gabe bidea ematea, batez ere, beste batzuen aldean hain gutxi lantzen den generoa denean eta landu duten zenbaiten izenek aforismo hitz pisuak baino pisu handiagoa dutenean. Errazagoa da aforismoa nobela baten barruko pertsonaiaren baten ahotan jartzea. “Aforismoa ez da dogma bat, zirika huts baizik”. Berarena da esaldia, aipatutako lehen liburukoa. Hain zuzen ere, zirika horrek eta, bereziki, norbere buruari egindakoak kentzen dio pisua aforismoari. Norbere buruari barre eginez gero, idazten denari ironiaz begiratuz gero, tamainako garrantzia hartzen du aforismoak. Zein tamainatakoa? Irakurlearen esku geratzen da hori, baina generoaren beraren zama, behintzat, txikiagotu egiten da. Hala ere, literaturan edozer argitaratzea arriskua bada, are gehiago aforismo liburua argitaratzea, eta nik atsegin ditut arriskuak hartzen dituztenak. Eta kasu honetan, emaitza gustatu zait, gainera. 400 aforismoko liburu batean ezinezkoa da dena gustatzea, baina, oro har, idazlearen mundua osatzen jarraitzeko pieza ona iruditu zait.

“Apunte hau esan gabe doa”. Horrela zioen Isiltasunaren adabakiak-eko apunte batek, eta liburuaren izenbururako berreskuratu du orain idazleak. Ez da hori hiru liburuen artean sortzen den komunikazio hari bakarra. Izan ere, Esan gabe doaz honetako aforismo batzuk aurrekariak dituzte aurreko liburuetan, esate baterako, atzeko azalean ageri den “Heriok eta doako luntx batek denak berdintzen gaitu” aleak badu lotura beste honekin: “Heriok denak berdintzen gaitu, baina hori ez da batere orijinala”.

Gaien aldetik ere lotura estua dago hiru liburuen artean. Denboraz, egiaz, heriotzaz, edertasunaz dihardu orriotan; azken batean, egilearen lan gehienetan nola edo hala ageri diren gaiez. Ohi duen bezala, umorea eta ironia baliatu ditu gai horiez hitz egiterakoan —baita autoironia ere, gorago esan dugun bezala—. Dena dela, paradoxaren erabilera egin zait nabarmenen liburuan; haren erabilera aurreko bi liburuetakoa baino handiagoa da, edo hala iruditu zait, behintzat. Besteak beste, aurrekoetan baino gutxiago erabili du ageriko txistea oraingo honetan.

Liburuak aurrekoek baino batasun handiagoa duela iruditu zait. Idazleak esan zuen aurrekoetan baino hautatze lan handiagoa egin duela oraingoan, eta, beharbada, horrek lagundu du batasun handiagoa ematen. Egindako aukeraketaren ondorioz, aforismo kopurua txikiagoa da aurreko liburuetan baino, eta liburuaren formaturako ere txikitasun bera aukeratu da. Ni, behintzat, formatuak baldintzatzen nau irakurtzeko orduan, eta eskertu dut txikiagoa izatea.

Aurreko liburuez gozatu zenak gozatu egingo duela uste dut, eta aurrekoak irakurri ez dituztenentzat libururik egokiena izan daiteke Linazasororen aforismoetan barneratzeko.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak