kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Erdigune literarioak irakaskuntzan / Idurre Alonso / Euskal Herriko Unibertsitatea, 2010

Euskal literaturaren irakaskuntzaz Beñat Sarasola / Berria, 2010-05-09

Idurre Alonsok, euskal literaturako ikerketan bide interesgarri eta emankorra jorratzeari ekin dio: euskal literatur sistema aztertzeari. Gurean bakanak dira eremu horren inguruko ikerketa sakonak, eta, alde horretatik, iaz autoreak aurkeztu tesia lan aitzindari gisa har liteke. Tesi horretan oinarritutako lana da Erdigune literarioak irakaskuntzan liburua, zeinak irakaskuntzan euskal literatura nola jorratzen den aztertzea baitu helburu.

Horretarako, lanaren izaeraren beharrizanei jarraiki, teoria sistemikoak deritzen teoriez baliatu da ikerketan bildutako datuak interpretatzeko. Ongi eginiko hautaketa da, ezbairik gabe, nekez iker baitaiteke lan honek jomugatzat duena ikuspuntu formalista edo estrukturalistatik, nahiz eta horrek ez duen esan nahi teoria hauek direnik literatura ikertzeko modu bakar edo behinenak.

Alonsoren lana bereziki interesgarria izan daiteke, heziketa politikekin lotura duelako. Eskolan, euskal literaturaren irakaskuntzan, curriculum legeek zehazten dituzten helburuak betetzen ez direla ondorioztatzen du ikerketak, eta, beraz, akuilu ona izan daiteke euskal literaturaren irakaskuntza errotik birplanteatzeko. Gaineratu behar da, ostera, liburuan azaltzen diren ikasleen gabezia batzuk ez dagozkiola soilik euskal literaturari, literaturaren irakaskuntza orokorrari baino. Esan gabe doa, literatura egungo mundu ultra kapitalista-positibista honetan krisian dagoen heinean, euskal literaturak ere horren eraginak pairatzen ditu. Bestalde, euskararen egoera diglosikoak eragin txar zuzena du orobat. Horrek guztiak egiten du arazoa hain kezkagarri.

Horretaz aparte, esanguratsua da erdigune eta kanon kontzeptuen artean egiten den bereizketa. Izan ere, inpresioa dut azken boladan kanon kontzeptua arinkeriaz erabilia izan duela hainbat kritiko eta idazlek. Kanona kontzeptu aldakorra izanagatik, denbora luzearen ondorioz eratzen da, eta, horrenbestez, nekez aplika daiteke oraindik bizi diren idazleen gainean. Horretarako, egokiagoa da erdigune kontzeptua, eta horixe da Alonsok darabilena. Hala, egungo euskal literaturaren irakaskuntzan erdigunean kokatzen diren autoreak honakoak dira: Txillardegi, Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Joseba Sarrionandia, Anjel Lertxundi, Joan Mari Irigoien, Xabier Amuriza, Arantxa Urretabizkaia, Joxemari Iturralde eta Xabier Mendiguren. Nahiko zentzuzkoa dirudi zerrenda horretako idazle zenbait kanonetik kanpo geratuko dela pentsatzea (eta alderantziz). Irakaskuntzako erdigune hori eratzeko faktoreen artean, deigarria da narratibako Kritika Sariak omen duen eragina, zeina Alonsoren arabera, handiena baita. Haatik, puntu horretan zalantza egiten dut, ez baitakit nahikoa ote den erdiguneen eta narratibako Kritika Sariaren arteko aldiberekotasuna egiaztatzea, ondorioztatzeko bigarrena lehenengoaren kausa dela; batez ere poesiaren Kritika Sariak duen eragin eskasa ikusita. Puntu horretan, aintzat hartzen ez diren beste zenbait balizko kausa (komunikabideak, unibertsitateko ikasketa programak, eta abar) aztertzea komeniko litzateke akaso.

Ekarpen hori beste etorkizuneko ikerketa zabalago baten parte izan daiteke, hots, egungo euskal literaturaren erdigunea aztertzea duen egitasmoaren zati. Balizko lan horretan, lehen eta bigarren hezkuntzako irakaskuntzaz aparte, unibertsitateko irakaskuntza, antologiak eta komunikabideak aztertu beharko lirateke, besteak beste. Ez dakit Alonsok horretarako asmorik duen, baina pena litzateke ikerketa bide horiei muzin egitea.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak