kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Iratzeen esporak / Igor Estankona / Susa, 2009

Esporen biluztasuna Goizalde Landabaso / Deia, 2010-05-08

Haizeak barreiatu dit balkoiko zuhaixketako loraldia, zorua, lore-kimuz betez. Igor Estankonaren esporak izan zitezkeen. Horrela balira loretxo bakoitza poema bat litzakete. Udazken usainez inguraturiko olerki txikia eta intentsoa. “Baina justu orain / beroaren indar guztiarekin / lainorik gabeko negurik gabeko / egun honetan / maitea / badoaz antzarak”.

Badoaz antzarak eta badatoz Estankonaren azken olerkiak. Mina iratzeen modukoa balitz nahikoa litzateke neure balkoia okupatu duen haize bafada bat esporadaka deusezteko. Putz sakona eta adio zauriak. Beleek ez lukete izango non pausatu, eta denbora mugatuegian barruan eragindako zuloa zarratuko litzateke. Mina iratzea balitz eta haizexkak sakabanatuko balu. Ez da, baina. Igor Estankonaren haize bafada hori izan da. Mina poematan banatu du, esporak bailira. Poza ere bai. Lore-kimuari buelta eman besterik ez baitago mina poza bilakatzeko eta alderantziz. “Badakigu zein den amaiera / baina horrek ez du itoaldia arintzen”.

Euria, astiro-astiro elur bilakatu da. Esan lezake norbaitek inoiz baino argiago hitz egiten duela Estankonak, garbiago. “Idazten dut / emakume adimentsuak / nire bizitza hutsa izan arren / erratu daitezen / pentsa dezaten / nire ilusioekin ukitzen ditudala”.

Sarri suge bat bezain hotz aurki zenezake, eta paradoxa bada ere esango nuke orduan sekula baino beroago azaltzen dela, biluziago. “Denok botatzen dugu faltan etorkizuna”. Pentsakor uzten zaitu, liburua zarratzeraino, pentsakor. Liburua zabaldu dut berriro. “Maite zaitu, ea kontuan jausten zaren. / Seinale bat behar duzu? / Hemen daukazu: ardoa bere bularren artetik erortzen”.

Liburua hiru zatitan banatua dago, hiru pausalekurekin, hirutasun santua, triangeluaren muturrak. Esan genezake nabigatzeari indarge ekiten diogula Kind of blues-ekin. Lehenengo arribatzea Neffertiti portuak eskainiko digu eta ekaitz ororen ostean, patxada Iazko urtebeteak atalak dakar; etsipen usaina duen hirugarrenak. “Inork ez du sosegurik aurkitzen / eta inoiz ez da kontsolamendua osoa izango”. Natura isileko paisaia da poema sorta honetan. Udaberria dakar, eta uda, eta azaroa gupidagabe, eta hego haizea. Horiek eskenatokiak, minaren lekukoak, post minarenak ere bai. Alaitasuna eta zoriontasuna. “Nire lekua da bidegurutze horretatik / zelaizelai jarraitzen duen / belar-ahoen eta hautsezko bideen / azalera hori guzti hori”. Kontenplaziora emana daude sarri poemak, egilea, eta norbera sentitzen da film horren ikusle baimendua. Voyaeur da poema irakurlea. “O Fado egon izan ez balitz konpleto / beharbada ez genuen ulertuko / munduko hitz guztiak / eta munduko gitarra guztiak / ez direla nahikoa / saudadea definitzeko”. Zuk ere zalantza baten zeharkaldia sentituko duzu zure baitan. Baina espora legez alde egiten dizute. Badoaz, joan. Hurrengo poemara arte. Irakurri ahala kantatzen sentitu dut neure burua. Musikaria banintz doinua sortuko nioke berba sortari, izan ere, egilearen ahotan entzun dezakezu momentu batzuetan olerkia, gitarraren uluak lagundurik. “Eta inoiz ez da kontsolamendua osoa izango / baina euren zati bat / desagertzen den bitartean / heriotzarako / gertatzen dira”. Dena ez da, ordea, bihotzeko mina. Bada osterantzeko minarik, saminik, arimakoa, begiradak dakarkizuna, besteek eragindako enpatiatik datorrena. “Haragiaren egurra jaten dizute / eta zoratu egiten zara neskalagunagaz hitz egiten dizutenean / ezagutuko balute bezala”. Sartu irtena bestearen arimara. Laster itzultzeko berera, zeurera. “Min ematen didate / leku guztietan / batera egon ginen lekuek”. Irakurketari ekiteko gogoa ematen du idatzitakoak. Oxigenoa zatika hartu eta bestearen minaren kontenplazioak non uzten gaitu?

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak