« Musika airean | Bertze Euskal Herriak »
Ezer gabe hobe / Itxaro Borda / Susa, 2009
Erraietatik Iban Balerdi / Gara, 2010-04-09
Bidaiatzeak eraman du Itxaro Borda honako liburua idaztera. Azken urteetan bisitatutako tokiek eta hauetan bizitakoek, bidaiak, mugak, mugitu beharrak jarri dizkiote idazteko jomugan. Betiko gaia, gizakia gizaki denetik badena. Zer egin dugu bada, Historiaren hasieratik, tokiz aldatzea ez bada? Bestalde, ez higitzeak edota hesien areagotzeak izuan oinarritutako uniformetasuna dakarte. Honek, ordea, ez du etorkizunik munduak iraungo badu.
Honekin lotuta, eleberri eta erreportajearen arteko narrazio politikoa dugu Bordaren azkeneko hau. Imajina ditzakegun bidegabekeria guztiak aipatzen ditu modu garbi ala zeharkakoan. Gertukoak eta urrunekoak elkarrekin nahasten dira, azken batean arazoak berdinak direla ikusarazi nahian. Alde batean edo bestean egokitu, globoaren goialdean ala behealdean, arazoek nolabait ukitzen gaituzte, nahi ala nahi ez.
Era horretan hasten da “Sangatte” kontakizuna. Sigma protagonista baionarra, Posa Ngaka pigmeoa bere autoan eramatera behartuta ikusten du bere burua. Sigma bere bikotekide Lamdarekin bizi da, baina beraien artekoa ez doa ongi. Pigmeoak Londresera heldu nahi du bere herrikide batekin elkartzeko, eta eginkizun honetan adiskide berriak lagunduko dio.
Chalcon, liburuaren bigarren zatian, Mexiko eta AEBen arteko muga da pasa beharko dutena. Kasu honetan Sigmak zenbait mexikarrekin batera egingo du bidea. Gainera oraingoan, bera izango da paperik gabe ibili beharko duena, itzaletik, isilpean, arrastaka.
Beraz, egoera modu arrotzean bizitzetik, hurbiletik ezagutzera iristen da lehenik, eta norbera egoeraren barnean sentitzera azkenik. Baina jakinik, “Posa pistolaz baliatu ez balitz, Sigmak ez zuela sekula pigmeoa muga zeharkatzen lagunduko”. Askotan astindua behar baitugu egoera estatiko ustelduak atzean utzi eta aurrera egiteko.
Aipagarria da halaber, egileak sartzen duen erreferentzia pila. Etengabe hizkuntza desberdinetako hitz eta esamoldeak erabiltzen ditu. Hainbat zinema zuzendari eta idazleren izenak ere agertzen dira liburuan zehar. Baina batez ere abeslari eta abestiak, musika dago une oro presente, lotura moduko bat izan daitekeelakoan. “Kantuaren garrantziaz ez gara aski axolatzen, botere ekonomikoek gaurkoan dirua sakelaratzeko mediotzat baizik ez daukatelako. Hitza baino sakonagoa da, unibertsalagoa; kanta urrats komuna da, eta kanta bat ardatz, begiak zerraturik, ibili bagabiltza, humano”. Ederra definizioa.
Bukatzeko, Itxaro Bordak darabilen euskarari buruz ere esan nahi nuke zerbait. Onartu behar dut kosta egin zaidala bere hizkera eta egituretara ohitzea. Hiztegiarekin ibili naiz zenbaitetan eta laguntzarik gabe beste batzuetan. Baina agian liburuak harrapatu nauen heinean, balio handiagoa eman diot bere idazkerari ere, eta disfrutatzen amaitu dut. Dena den, guztia erraz eta sinple nahi dugun garai hauetan, baionarrak aurkako norabideari eusten dio, eta honek irakurle kopurua ere mugatu egiten du. “Kontsolatzen naiz, bizitza, betetasunik baimentzen ez duen askatasunaren eremua dela errepikatuz”.
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Asier Urkiza
Barbaro iraun
Louisa Yousfi
Amaia Alvarez Uria
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Aiora Sampedro
Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson
Irati Majuelo
Itzulerak
Miren Agur Meabe
Aiora Sampedro
...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo
Jon Jimenez
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Asier Urkiza
Hitzak palmondo
Silvia Federici
Nagore Fernandez
Altxa, hildakoak
Fred Vargas
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels
Aritz Galarraga
Maitasun kapitala
Karmele Jaio
Mikel Asurmendi
Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro
Paloma Rodriguez-Miñambres
Jausiz
Alain Mendizabal Diaz
Maddi Galdos Areta
Hiriak eta urteak
Xabier Montoia
Irati Majuelo