kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Miserikordia etxea / Joan Margarit (Juna Ramon Makuso) / Meettok, 2009

Poesia eta katarsia Beñat Sarasola / Berria, 2010-02-28

Orrialde erdi honetan kexatu izan gara inoiz euskal literaturako poesia itzulpen gabezia nabarmenaz. Ez dirudi gauza aldatzeko bidean denik, eta oraindik luze itxaron beharko dugu atzerriko poesia bilduma sendo eta egonkor bat eduki arte. Ez dakit noiz ohartuko garen benetan literatur produkzio on baterako itzulpenen garrantzia nolakoa den. Bitartean, han-hemenkako proiektu bakarti eta txalogarriekin konformatu beharko dugu. Oraingoan, Meettok argitaletxeak Juan Ramon Makusoren itzulpenaren eskutik plazaratutako Joan Margarit poeta katalanaren Miserikordia etxea liburuarekin.

Margaritek Kataluniako eta Espainiako sari nazionalak irabazi zituen liburu horrekin 2008an. Ibilbide luze eta oparoko poeta, bere azken aldiko ekoizpen poetikoak gertaera pertsonal dramatiko baten garratzak zipriztintzen du, bere alaba Joana-ren heriotzak. Hari eskainitakoa da, hain justu, 2002ko Joana poema liburua.

Margaritentzat “Gaur poesia / azken miserikordia etxea da”. Halako ahalmen katartiko bat aitortzen dio, bada, poesiari, zeinak gizakiari beldurra eta oinazea eramaten laguntzen baitio. Funtsezkoa da harentzat, orobat, poesia irakurlearengana iristea eta, oro har, gizakien artekotasun hori lantzea, munduko bi toki urrunetako gizakiak batzen dituen hori jasotzea. Hala, haren poesia egoera bakunen deskripzioan oinarritzen da; halako moldez, non, zenbaitetan, poemek haiku garatuagoak baitirudite. Memorian iltzatutako gertakari zein irudi bat edo eguneroko bizitzako istant (ustez) ezdeus bat izan daiteke poemaren oinarri, eta, horretarako, idazkera narratiboa darabil batik bat Margaritek, zeinak irakurketa —estreinakoa bederen— erraztu egiten baitu. Izan ere, itxurazko bakuntasun eta normaltasun horren azpialdean, tragedia eta etsipena ezkutatzen dira sarri —Trenbideko malenkonia, Neskak, Egurra metatuz, Azken jokoa…—, poemei nolabaiteko sakontasun existentziala emanaz. Izan ere, tragedia klasikoak erakusten duen moduan, arestian aipatu katarsia gauzatzeko, hots, norbere barnearen arazte horretara ailegatzeko, gauzatu beharreko bidea nekeza eta malkartsua da.

Itzulpenari dagokionez, agerikoa da Makusoren ahalegina poemen jarraitasun narratiboa gordetzekoa, nahiz eta zenbait moldaketa ez ditudan oso argi ikusi. Horretaz eta beste akats txiki batzuez gain, itzulpenaren arazo nagusia hainbat poemetako —Lehen aldia, Saturno, Planoak, Ekaineko hotza Forèsen—- aditz denbora nahasketa da, originalean iraganean dauden esaldiak etorkizunean azaltzen baitira euskaraturik. Itzulpenari beste berrikusketa bat ematea ez legokeela gaizki iruditu zait azken buruan. Bestalde, aipatzekoa hitzaurre gisa paratuta dagoen Margariten eta Makusoren arteko elkarrizketa, zeinetan poeta katalana bere poetika eta ideia estetikoak azaltzen ahalegintzen den. Maiz aurkitzen ditugun hitzaurre topikoen aldean, interes biziz irakurtzen den testua da, euskarazko edizioari balio erantsia gehitzen diona. Amaieran, epilogo bat ere badago, originalean ere topatzen genuena, non Margaritek elkarrizketan bertan azaltzen diren zenbait gai garatzen dituen bere kabuz.

Ziur aski, ez da Margarit izango egungo poeta berritzaile, indartsu eta distiratsuena; nekez ikusten dut etorkizunean bere izena garai hauetako poeta gailenen artean. Alta, agerikoa da bere poesia moldean maisua dela. Bere poemek duten komunikatzeko gaitasuna aintzat hartuz, ziurra da poesiazale bat baino gehiagok atsegin handiz irakurriko duela liburua. Horrek guztiak egiten du gomendagarri.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak