kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Magrittek ez omen zuen pipatzen / Fito Rodriguez / Txalaparta, 2001

Koadro txiki bat Igor Estankona / Gara, 2002-04-06

Sorpresa eta nahasmen gozoa sortzen dituzte Magritten koadroek, edo hori sentitzen dugu askok behintzat. Logikaren gaineko azterketak diruditen margolanek harrapatzen gaituzte. Hankak aurrean eta burua bere lekuan ote dauzkagun galdetzen duen artea da belgikarrarena, ametsen transkripzio hutsetik harago doana. Txalapartak argitaratu liburu honek ere transkripzio lan bat dirudi, kasu honetan filosofiarena. Berez diziplina hain beharrezko hori baztertzeko joera eduki arren, polito aurkeztuta gustura irakurtzen diren liburuak dira ardatz gogoeta dutenak.

Idazle-irakurle dialektika dagoen dudan jartzeko modukoa izan arren, merezi du ahalegintzea. Irakurlea da gehienetan testuaren jabetza duena eta, nahita zein nahi gabe, elkarrizketa oro zapuzten duena. Batzuetan aztoratuta sentitzen garelako eta besteetan gure esperientzien galbahea estuegia delako, denok izaten ditugu antzeko sentipenak gisa honetako liburuen aurrean: “guk ulertu duguna” da azken batean balio duena. Agian hori saihesteko eta zurruntasun itxura ekiditeko, era zoli eta umoretsuan idazten du Fito Rodriguezek. Ni behintzat erdi engainatuta heldu naiz azken orrialdera. Ez diot beldurrik filosofatzeari, ezta berba grekoei ere, baina hainbeste gozatzea susmagarria da ia. Edo lorpen bat gogoetari ihes egiten zaion sasoi hauetan.

Espazioaren tratamendua, bestalde, zainduta dator. Izan ere, orrialde bakoitzaren azpialdean kokatzen diren gogoetak dira testu gehienak. Ez ditut, inola ere, esaten direnak gutxietsi nahi, baina liburuan hain zabalak diren hutsuneak esaldiak eurak baino garrantzitsuagoak iruditu zaizkit askotan. Pintzelkada bat aurkeztu eta orrialdearen hutsunea zuretzat uzten du, pentsa dezazun. Batzuetan liburua paparrera eraman eta begiak itxi behar izango dituzu, irakurle. Zure miseria filosofikoan beratzen jarriko zaituzte zenbait pasartek. Eta txarrena da ez direla kosmosari buruzkoak, baizik eta gaur —Euskal Herrian, edonon— erantzun barik dauden galderei buruzkoak. Liburuak makulu filosofikoak ematen ditu, makulu eta guzti trokatik behera erortzen utziz.

Liburu erraza izan ez arren, fruitu ederrak ditu zain sakontzeko ahalegina egiten duenak. Filosofia inora ez daraman gurpil handi bat jarri ziola aitatzen du Koldo Izagirrek hitzaurrean. Baina bera konbentzitu zuen bezala konbentzituko du edozein liburu honek. Ez al zen Filosofia hausnarketa kritikoa, taldekoa bezain pertsonala?

Sarrionandiaren “Ni ez naiz hemengoa” gogoangarri haren orrialdeak pasatzean sabelean sentitzen nuen zirrara berbera sortu dit, beste modu batean. Sarrik kultura tradizionala eta modernoa eskematikoki bereizten zituen. Lehena orri koadrikulatu batetik gora zihoan lerro bat zen. Bigarrena zirriborro bat, egungo kultura desordenatuaren adierazle. Nahaste-borraste hau ulertuko duenik ez dago, baina Magrittek ez omen zuen pipatzen honetan marra batzuk botatzen dira alde desberdinetarantz. Gero gure hautua izango da zeini jarraitu. Eta noraino.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak