kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Ihes ederra / Hedoi Etxarte / Alain M. Urrutia / Alberdania, 2009

Historia aldatuz Javier Rojo / El Correo, 2010-01-09

Alberdania argitaletxeak “irudi eleberria” hitzak jarri ditu Hedoi Etxarteren eta Alain M. Urrutiaren elkarlanetik datorkigun Ihes ederra izenburuko liburuaren azalean, irakurleak bertan aurkituko duena definitzeko. Komikiaren aldaera jasoa, alegia, liburuak duen anbizioa kontuan hartuz gero. Liburu hau irakurtzean ezinbestean etorri zait T.S. Elioten aipu bat burura. Halaxe esaten zuen poeta amerikarrak Lau quartetto izenburuko liburuan, G. Arestiren itzulpenean eta beronen ortografia berezian: “Guertha ahal içan cena abstractione bat da, / Bakarric speculationezco mundu batetan / Possibilitate perpetual baten ancean dirauena. / Guertha ahal içan cenac eta guerthatu cenac / Bethi presente dagoen fin batetara desarratzen dute”. Izan ere, liburu honetan oraingo Euskal Herria aurkezten digute, baina aldaketa txiki batekin, gertatu ez zen aukera bat errealitatean gertatu izan balitz Euskal Herria nola egongo zen agertzen baitzaigu bertan. Eta historian egindako aldaketa horrek Joseph-Dominique Garatek aurrera atera nahi izan zuen asmoa gogorarazten du, zeren, liburuan planteatzen den egoeran, Euskal Herria Frantziako Erresumaren herrialde satelitea baita, XIX. mendearen hasieran, Frantziaren eta Espainiaren arteko gerran, frantsesak irabazle suertatu ondoren. Balizko egoera horretan aurkezten zaigun munduak ez du funtsezko aldaketarik oraingo munduarekin, gatazkak eta tentsioak, beste protagonista batzuekin bada ere, antzera agertzen baitzaizkigu. Liburuak egoera hori aurkezten du, eta horretarako Olga Perls eta Joanes Apaolazak osatzen duten bikotearen ikuspuntutik eskaintzen da azalpena. Apaolaza kazetari argazkilaria izanik, lehenengo eskutik jasotzen du mundu horretan gertatzen denari buruzko informazioa.

Edonola ere, liburuak ez du estruktura narratibo oso markaturik, neurri handi batean argumentua falta zaio-eta. Collagearen itxura du bertan eskaintzen denak, eta komikietako irudiekin batera, poemak, diskurtso zatiak, orrialde barreneko itxura duten azalpenak agertzen dira (ezinbestekoak mundu horretan gertatu diren aldaketetan ez galtzeko), aldez edo moldez inpresionismoarekin erlaziona dezakegun teknika baten bidez.

Liburuan ezinezko aukera batez ari bada ere, gaurko Euskal Herria du konparazio puntua. Eta ondorioa horrela labur liteke: Kontuz zer desiratzen den, zeren egia bihur baitaiteke, eta horrela zigortu ohi dituzte jainkoek gizakiak.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak