kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Arbola naiz, eta zuhaitza / Josetxo Azkona / Alberdania, 2009

Errealitatearen zurrunbiloan Patxi Sarriegi / Deia, 2009-12-05

Mitologia, antropologia, zientzia, literatura eta batik bat egileak bizi izandako esperientziak, Josetxo Azkona iruindarraren azken poesia liburuan idatzitako 82 olerkiotan nagusitzen diren gaiak eta sentimenduak. Zuhaitzen inguruko olerki asko idatzi ditu bertan egileak, denera 34 olerki, baita liburuan aurrerago sentsualak, erotikoak, sufrimenduaz, gerraz. gorrotoaz, edota bidegabekeriaz mintzatzen direnak ere.

Lehenengo atal osoa arbolari buruzko olerkiak dira, zuhaitzarekin zerikusia dutenak, eduki eta molde poetiko desberdinetakoak. Nabari zaio, barren-barreneko sentipenetatik ari da olerkaria, barrua utzi du horretan. Inplikazio bete-betea lortzen du Azkonak zereginean, bere burua ia zuhaitza pertsonifikatua bihurtzeraino.

“Laino artean ageri da pagoa / Neu naiz ni lainoa, neu naiz ni pagoa / Baina laino arteko pagoak ez du begiratzen / ez pagoak ez lainoak / Neuk bestek ez die begiratzen”. Aldartearen araberako olerkiak dira zenbaitetan, edozein modutara, barne poza eta baretasuna sentiarazten dutenak, baso nahiz hiriko zuhaitza eta arbola miresten dutenak, ahozko hizkeratik gertukoak, egitura eta molde ulerkorrez osatuak.

Badira bestelako gaiez ere aritzen diren olerkiak, esate baterako Jainkoaren ideiaz, erlijioaz, askatasunaz, telebistaz, itsuen mintzairaz, adinaz, euskararen soinuaz, ametsez edota literaturaz dihardutenak. Olerki ulerterrazak dira, zuzenak eta esplizitoak, egilearen pentsaera eta ikuskera aditzera ematen dutenak, horixe olerkiaren nahia: “Bi oinen gainean harro dabil / zibilizazio gurea / Petrolioa da oin horietako bat / telebista da bertzea. / Bata ala bertzea (…) eten eginda / hondora lihoake zibilizazio gurea / Lingirdatsuak dira biak / karakola eta barearen antzera / Eta hala gabiltza guztiok / bi oin horiexen gainean / lingirda ugari ditugula.”

Azken batean, bizitzak eskaintzen dizkion kontraesanak azaleratzen ditu Azkonak olerkiotan, berak eta ez bestek izandako bizipenen ondorio direnak. Bila dabil poeta errealitatearen zurrunbiloan, bere bidea jorratu nahian. Halaxe sumatu dugu, guztiz inplikatua da idazlea jorratzen dituen gaietan, zabaltzen dituen mezuetan. Olerkiok horren erakusgarri dira, tentuz darabil adjektiboa izenari atxikitzeko orduan. Liburu argia da Arbola naiz, eta zuhaitza, egileak deskribatutako errealitatearekiko jakin-mina pizten duena, estimagarria mezuen egiatasuna. Olerkiok irakurrita egileak sinesten duen egietan murgilduta sentitu gara. Hain zuzen, olerkiok errealitatea ulertarazteko ariketak dira, gogoeta berriak eragiteko saiakera aberatsak, Azkonaren eskutik.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak