« Utopien galera | Kanpotik begiratu? »
Haragiaren gauak eta egunak / Joan Mari Irigoien / Elkar, 2009
Gotorleku higakorra Bixente Serrano Izko / Berria, 2009-12-06
Joan Mari Irigoienek Orbetarrak trilogia anbiziotsuaren bigarren emaitza eskaini digu Haragiaren gauak eta egunak bertze eleberri mardul honetan.
Nazario Orbek eraikia du bere jauregia, enpresa mundukoa eta etxekoa. Ongi gotorturik, printzipio ideologiko, kultural, moral eta erlijioso trinkoekin: monarkikoa, espainiar nazionalista, katoliko integrista, hierarkikoa, ordena mugiezinekoa. Seme-alabak hezi eta bezatu nahi ditu, orbetar mundua betikotu guran. Dena, XX. mendeko lehen lau hamarraldietan, Canovasen sistema zurrun hura bere agonia luzeko ajeek jota ahultzen hasi zenetik, Francoren gerra arte, zerotik hasi Ordena Berria, granitozkoa basamortu batean, inposatzen hasi zen arte. Baina Errestaurazio sistema hari munstroak jaio zitzaizkion bezala, hala nola errepublikazaletasuna, laikotasun eta antiklerikalismoa, sozialismoa, anarkismoa, nazionalismo berriak…, holaxe jaioko zaio munstro bat Orbe-Aldasoro senar-emazteari ere, familiaren ordena zurruna kolokan jarriko duena. Seme-alaben haurtzaroa, nerabezaroa eta heldutasunaren sarrera marraztu ditu egileak eleberri honetan. Belaunaldi berriko aleen ikerketa psikologikoari ekin dio, garaiko gizartearenari baino gehiago, baina honen isla dugu orbetar seme-alabena.
Narrazioaren garapena, Joan Mari Irigoienen aspalditik honako estilokoa eta bere betiko sinbolo-giltza dualisten jokoaren barnekoa —ura/sua, airea/lurra, eguna/gaua, argia/iluna, eguzkia/ilargia…— pertsonaien karakterologian, hain nobelagintza berezia, ikerketa sakonagoa mereziko lukeena, jorratzera eraman dutena; gure gaurko letretako paisaiatik urrun agertzen zaigu. Egilearen perfektutasun grina, trilogiako lehen emanaldian jada komentatu nuena, berriro ere honetan: aurretik geometrikoki diseinaturik, bai pertsonaiak, haien psikologia, haien keinuak eta ekintzak, bai gertaerak, haien zergatiak, haien segida-kateak eta ondorioak. Ez dago narrazio-ekonomiaren legerik kontalari honen estiloan.
Sarri errepikatzen du balizko egoera bat: ezkutuko kamera bat eszenak erregistratzen ariko balitz bezala. Kamera horrek solaskideen zimur bakoitzaren mugimenduari, begien dirdirari, aurpegi kolore-ñabarduren aldakuntzei, ikusle arruntontzat antzemanezinak diren seinalerik ñimiñoenei erreparatzen die, eta irakurleari azaldu egileak. Fotograma finkoen segida baten antza, non, uneko protagonistak erranaldi bakarra ahoskatu orduko, argazkien oin ohar astitsuetan egileak azaltzen digun zer bertze ideiak edo erreakzioak izan zitzakeen, baldin eta ez balitz gertatu hau edo hura… Eta sintaxi konplexuetako paragrafo luzeetan —ez, aldiz, irakurgaitzak, inondik ere—, digresio anitz, gidoien artean txertaturik, luzeak ere sarri, mikroskopio baten begi azpian jarri nahian bezala azkeneko hitza edo erramoldea, hauen barne-barneko erraiak eta erranahiak ikusarazteko irakurleari.
Hitzen ekonomiarik, aurrezkirik ez, Irigoienen estiloan. Baina ezta ere hitz jario hutsalik, erran nahi baita idazleak gauza guztiak adierazi nahi dizkigula eta helburu jakin horri egokitzen zaiola bere idazkera patxadatsua. Halako moldez non oso gutxitan deritzodan hitz edo erramolde bat sobera dagoenik. Zirt edo zarteko perpausak eta sintaxi-joko sinpleak nagusi direneko gure gaurko narraziogintzan, gozamen ederra da bertze estilo honetan eta haren erritmoan murgiltzea ere: ideiak edo inpresio konplexuak kateatzerakoan euskarak eskaintzen duen hainbat erresistentzia sintaktiko bezatzeko ahaleginean, garaile ateratzen da, goxo-goxo atera ere, gure idazlea, Axular berean bezala.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera