kritiken hemeroteka

6.959 kritika

Azken kritikak

« | »

Euzkadi merezi zuten / Koldo Izagirre / Susa, 2009

Euzkadiren oihartzuna eta nostalgia Patxi Sarriegi / Deia, 2009-11-28

Orain dela 25 urte idatzi eta Susak berrargitaratu berri duen eleberrian monarkiatik errepublikara, altxamendu militarretik gerrara eta 30. hamarkadako girora garamatza Koldo Izagirre idazleak, hain zuzen, berak idatzitako lehen eleberrian. Garaiko bizimodua arakatzen du bertan narratzaileak, badira istorioan aipagarri asko, baina bat nabarmena besteen artean: zatika doa istorioa, garaiak eta idazlearen gogamenak lotzen ditu pasadizoak, ez sekuentzia kronologiko linealak. Halako saltoak emanez doa istorioa, narratzailearen nahierara orduko bizimoduaren isla dira sekuentziok.

Erritmo pausatua du kontakizunak, umorea eta ironia dosi txikitan tartekatuz doaz pasadizo laburretan, orduko Euzkadiko eguneroko bizimodua krudela eta latzaren erakusgarri. Fikzio hutsak errealitate zantzua hartzen du sarri, badirudi gertaerak kontakizun historiko errealaren parte direla, narratzaileak horixe iradokitzen du liburuan zehar: pertsonaiak garai hartako gizartearen ispilu dira, darabiltzaten lexiko eta adierazmoldea lagun, hausnarketek sinesgarritasun gehigarria ematen diote istorioari.

Badu Izagirreren idazkerak alderdi hunkiberarik. Izan ere, tarteka deskribapen ugari dira istorioan, kontaketaren erritmo sosegatua areagotzen dutenak. “Langarra hasi zuen, bazetozen Pasaiako txintxorroak txipiroietara… Portua irakiten bezala zegoen lehen azkorrian, zerrazoia altxatzen ari zuen…”. Deskribapen laburrak dira gehienetan, egoera eta orduko gizartearen giroa ezin hobeto azaltzen dutenak. Pasadizoetan mundu erdi rural erdi industriala dakarkigu egileak, batzuetan halako ukitu maitekorraz zipriztindua, bestetan kritikoagoa azalduz. Giro katoliko itoa, langileen neke gorriak, garai hobeen esperantza zapuztua… garaiko erretratu perfektuak dira.

Izan ere, komatxo artean hizkuntza bizia darabil etengabe, herri hizkerara gerturatzeko ahalegin etengabea da liburua. Helburu nagusia kontaketa historikoa bada ere, badu istorioak hizkuntza aldetik bestelako asmorik ere, hain zuzen, euskara bizia eta ahozkoaren lekukotza fidela ematea. Era horretako entresaka asko ditu kontakizunak, herri hizkera horren adibide ugari, irakurketari erritmo biziagoa ezartzen diotenak. Halakoxea idazlearen nahia, ahozko hizkuntzatik gertuko erregistroa ere erabiltzea, nahitaez, naturaltasun elementuak bilakatzen direnak. Hortaz, pentsarazteko istorio egokia eta atsegina da Izagirreren lehen eleberriak, lehenaz eta geroaz hausnartzeko 25 urte geroago ere irakurrita baliagarri suertatzen dena.

Euzkadi merezi zuten gogoetatzeko abagunea da egun ere, aukera aparta gerra garaiko argilunak biziberritzen, Izagirreren eskutik.

Azken kritikak

Mundu ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera
Gorka Mercero

Mikel Asurmendi

Biennale
Beatriz Chivite

Peru Iparragirre

Mina edo libertatea!
Kepa Larrea

Javier Rojo

Hodien metafisika
Amelie Nothomb

Amaia Alvarez Uria

Nora goaz euskalduntasun honekin?
Joxe Manuel Odriozola

Joannes Jauregi

Gaizki ulertua
Irene Nemirovski

Aiora Sampedro

Hitzontziak
Xabier Montoia

Iratxe Esparza

Poesia kaiera
Rosalia de Castro

Igor Estankona

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Javier Rojo

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Peru Iparragirre

Gerezi denbora
Inazio Mujika Iraola

Amaia Serrano Mariezkurrena

Eoskola. Heziketa hipermodernoa
Mitxelko Uranga

Javier Rojo

Txoriak dira bederatzi
Tere Irastortza

Aitor Francos

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Usoa Alberdi Fernández

Artxiboa

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Hedabideak