kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Axola ez duenean / Aritz Gorrotxategi / Alberdania, 2009

Memoriaren minak Saioa Ruiz Gonzalez / Argia, 2009-11-22

Eleberri hau irakurtzen amaitu nuenetik, etengabe itzultzen den galdera batek darraikit buruan. Alegia, zer da testu-literario bat irakurtzera bultzatzen gaituena, eskaintzen diren beste askoren artean? Suposatzen dut orotariko eta gustu guztietarako erantzunak badirela baina, nire kasuan, titulua bera suertatu zitzaidan erakargarri —Axola ez duenean— eta aitortu beharra dut, eleberria irakurri aurretik ez nintzela izenburu beraren karga potentzialaz jabetu ere egin. Hortaz, beste galdera bat datorkit gogora: zein zen eleberri honekiko nire espektatiba pertsonala? Momentuz ez daukat galdera honetarako erantzunik baina ziur naiz gauza batez, ni ere aldatuz noa.

Superfizialki esanda, pertsonaiengan joandako bizitzaren minak eragindako barne aldaketak osatzen du eleberriaren argumentua, eta iraganak sortutako korapiloa askatzeko prozesuan gorpuztuz joango da nobelaren sare nagusia, planteatuko zaien dilema erabakigarri baten eskutik: eternitatean ala denboran bizi? Baina galdera horretarako, bada erantzun klabe bat ere: gauza guztiak ordenuz higitzen dira eta etengabe doaz. Galdera-erantzun horretan biltzen da, pertsonaiak noraezean uzten dituen iragana eta oraina, memoria eta ahanztura elementuen arteko tentsio dramatikoa.

Pertsonaien artean, tentsio horren eredua antonomasiaz, emakume bat dugu. Irenek beldurra die trenei, senarra hil zaionetik dortokaren antzera dabil eta Tolstoi du idazle kuttuna. Errealitate errutinarioan txertatua den arren —lana, terapia, ibilaldiak— imaginarioari lotuak dauden sinboloz eta metaforaz beteriko mundu batean ageri zaio irakurleari —ibaia, trena, animaliak, eternitatea— deskodifikatu beharreko mezu baten antzera. Elementu horiek guztiek osatzen dute Ireneren memoriaren konstelazio sarea, etengabe itzultzen diren iraganeko mamuen itxuraz, ahaztezinak.

Hala ere, ez al da memoria eternitatearen sinbolo? Memoria eta denbora bateraezinak dira, bizitza eta heriotza bateraezinak diren modu berean. Denbora gizakiaren eboluzioan funtsezko elementua da, testuak berak dioenez —“Esperientzia bakoitzarekin aldatzen bazara, zer da zugan aldaezin geratzen dena? Etengabe aldatzeko bokazioa”—. Memoria, etengabe itzultzen den zerbait aldaezina izanik, hura berreskuratuz eta gogoratuz ahaztu dezakegu. Horrela, Axola ez duenean, soilik, iraganaz sendatuta gaudela sinestu dezakegu.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak