kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Urperatze handia / Karlos Linazasoro / Elkar, 2009

Erretiraturiko Robinsonak Mikel Ayerbe / Berria, 2009-11-01

Gelditu gabe idatziz liburuak bata bestearen atzetik kaleratzen dituen idazlea da Karlos Linazasoro. Literatur genero ia gehienak abileziaz jorratu ditu —ipuingintza, poesia, antzerkia, aforismoak, ipuin hiperlaburrak— eta oraingoan ere, aurrez ibilitako bideetara itzuli dela esan daiteke, Itoko dira berriak (Alberdania, 2003) liburuko urratsei jarraituz, Urperatze handia ipuin luze edo nobela laburra argitaratu baitu.

Argumentuak ez du berez konplikazio handirik: hiru egun nora ezean ibili ondoren, hogeita bi erretiratu naufrago uharte isolatu batera iritsi dira. Hasierako nahasmena saihestu eta itzultzeko irtenbideak bilatzeko, ordena militarraren aldeko aukera egingo dute eta horrela, Bat izendaturiko presidente gidariak banan-banan zenbakiz izendatuko ditu beste guztiak. Eta hor hasiko dira gorabeherak, gatazkak, elkarrizketa sutsuak, gaizki ulertuak eta zer egin ez jakiteak sorturiko bestelako pasadizo xelebreak.

Baina argumentua horrela kontatzeak ez dio justiziarik egiten liburuak barnean gordetzen duen gakoari. Hain zuzen, idazkera ezaugarrien artean Linazasorok absurdoaren, ironiaren eta umore beltzaren aldeko apustu garbia egiten baitu, betiere egungo gizarteko hainbat alderdi kritikatzeari utzi gabe. Eta nago oraingoan ere ezin hobeki asmatu duela. Linazasorok badakielako zer egiten duen, eta nola gainera.

Aurkezpen egunean “autoplagiotzat” jo zuen liburu argitaratu berria. Itoko dira berriak liburuan bainulari bat itotzen ari den bitartean, hamabost bat edadetuk —idazlearen lan askotan bezala, tartean K. idazle autofikzionalizatua dagoela— era guztietako egoera absurdoak biziko dituzte, itotzera doana laguntzeko asmoz, egiazki ezer gutxi egiten duten bitartean. Oraingoan ere, erretiratuak dira narrazio koral honetako protagonistak. Linazasorok aitortu bezala, erretiroa harturikoak protagonista izatea, nonbait, material literario oso erakargarria begitantzen zaio. Lanari umore (gain)dosiak gehitzeko behintzat balio izan diola esango nuke.

Bestalde, badira bi liburuen artean errepikatzen diren beste zenbait elementu ere: Itoko dira berriak narrazioko Jason pertsonaia belomarzalea bat-batean Justino gisa birbataiatua agertuko da uhartean, erretiratu denen harridurarako; biek amaiera irekia dute, argumentuaren haria egoera surrealenak sortzeko aitzakia balitz bezala, eta bukaera irakurle bakoitzaren esku utziz; aurreneko lanean une jakin batean pertsonaiak olerkiak errezitatzen hasten badira, oraingoan musuaren inguruko aforismoak sortuko dituzte; uharte batera eramango lituzketen hiru gauzen gaineko galdeketa bi kontakizunetan agertzen da…

Hala ere, alde nabarmenak ere badira bi liburuetan: aurrenekoan K. narratzaileak kontatzen zuen gertakizuna lehengo pertsonan, eta Urperatze handian, aldiz, hirugarren ahotseko narratzaileak egoeren inguruko azalpen gutxi batzuk besterik ez ditu emango, elkarrizketek osatzen baitute kontakizuna. Hori ere lorpen bat delakoan nago, akzioari erabateko bizitasuna emateaz gain, ia antzerki testu gisa irakurtzen baita. Egileak adierazi bezala, antzerkira moldatzeko moduko testua da eta, gaineratuko nuke, pertsonaia bakoitzaren karakterizazio orokorrak zein xehetasunak euren esaldien bidez soilik irudika ditzakeela irakurleak.

Ipuin luze, nobela labur edo antzerki testu izan, erabat gomendagarria da Urperatze handiaren irakurketa, arina izateaz gain, algararako, irakurritakoa irudikatu eta gogoetarako bide ematen duelako.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak