kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Bestiarioa. Hilerrikoiak / Karlos Linazasoro / Elkar, 2006

Bestiarioa. Hilerrikoiak Joxean Agirre / Beterriko Liburua, 2006-12

Askok uste dute literaturaren egitekoetako bat geure jatorria disimulatu, haurtzaro berri bat asmatu eta suertatu zaigun nitasunaren ordez beste bat asmatzea dela, tokatu zaigun nortasunarekin oso pozik ez gaudelako, noski. Idazle guztiek baliatzen dute, beraz, beren biografia aldez edo moldez idazteko esertzen direnean eta gehienetan edertzeko izaten da. Baina gutxi dira gure artean bere nortasuna Karlos Linazarosok bezain agerian erabiltzen duenik. Are gehiago esan daiteke, bere narratiban agertzen den pertsonaia nagusia bera da.

Zer da hori, narzisismoa? Exibizionismoa? Galde dezake norbaitek. Ezta gutxiagorik ere, bere buruaz ironizatzeko baliatzen baitu literatura, bere biografia edertzeko erabili ordez bere buruaren edo nortasunaren karikatura bat egiteko.

Bere azken eleberrian (Bestiarioa. Hilerrikoiak) protagonista liburuzaina da beste aurreko batzuetan bezalaxe eta, gainera, Karlos deritza. Tipo koitadu eta gizajo bat da. Audifono bati esker entzuten du. Beldurtia da erabat. Trumoiak jotzen duenean emaztearen babesa bilatzen du. Eleberriaren lehen orrialdeetan emazteak, Karmenek, esaten dio: “Zu ez zarelako hemen bizi, Karlos. Zu zeure munduan bizi zara, pitxon!”. “Zein mundu da hori?” galdetzen dio Karlosek. Eta “Neure begiek zuretzat egiten dutena, maite”, erantzuten dio emazteak, haur batekin hizketan ari balitz bezala.

Horren koitadua al da tolosar idazlea? Galde dezake norbaitek. Ez, noski. Erabiltzen duen ni hori faltsua da, asmatua, exajeratua, karikaturizatua, baina garbi dago baduela zerbait egiatik ere. Garbi dago ez zaizkiola bere burua eta izateko modua gustatzen eta literatura egiteko erabiliz onargarriago egiten zaizkiola, egingo zaizkiola, egiten zaizkigula, azken finean geure gaitz arin eta arrarotasunei esker baikara garen bezalakoak, bereizten baikara besteengandik.

Badaude diren bezala beren idazkietan agertzen diren idazleak. Eta aspergarriak dira. Badaude mundu berriak asmatzen dituztenak eta urrunak egiten zaizkigu. Badaude, Karlosek bezala, beren miseria eta akatsekin literatura egiten dutenak eta horiek maitagarriak dira erabat, literatura horrek, Arte Poverak bezala, geure hondakinak edertu egiten dituelako beharbada.

Baditu Karlos Linazasorok beharbada lan hau baino hobeak, baina irribarrea ezpainetan duzula irakurriko duzu hau ere eta tarteka algararen bat ere aterako zaizu, hasi eta berehala Albizturtik barren Urrestillara hileta batera joateko egiten duen bidaia deskribatzen duenean, esaterako. Ez dela beste munduko literatura pentsa dezake norbaitek eta egia da sotila dela, erakustaldi alferrikakorik gabea, apal samarra, baina berariaz egiten du horrela. Umorea da etengabe erabiltzen duen erregistroa, bai bere buruaz eta bai gizarteaz hitz egiteko eta beste behin aforismoak tartekatzen ditu eleberrian azken aldera eta horiengatik bakarrik merezi du liburuak.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak