kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Lagun izoztua / Joseba Sarrionandia / Elkar, 2001

Non berotzen da gogoa? Joxemari Carrere / Gara, 2002-03-23

Pertsonaren bizitza bere izaeraren gaineko galderari erantzuna bilatzea omen da. Bere ekintzak galdera horren eraginpean omen daude. Diote. Horren ezean, noragabeko bidaia da gurea, porturik gabeko nabigazioa. Egin duguna, egiten ari garena, egingo duguna. Hartutako erabakiak, bete gabe utzitako asmoak, gauzatu gabeko ametsak. Horrek guztiak izango du eragina gure bizitzan, omen. Eta literatura, omen, erantzun horien bilaketan murgiltzen da. Idazleak bizitzaren kezkei zentzua bilatzeko asmoz idatziko du eta kezka horiek irakurlearekin konpartituko, joan-etorri ezkutu bat bilatuz, eta besteei bere barruko ahotsak entzunaraziko, besteak ahotsak bere egin ditzan. Fantastikoak eta errealitateak elkarren ondoan bidaiatzen duten eremua da literatura. Idazleak errealitatetik sortuko du, irakurlea sorkuntza horretatik errealitateaz ohar dadin. Izan ere, literatura nork bere burua ezagutzeko tresna izan daiteke, bai idazleak bai irakurleak. Zailtasuna orekan dago. Hala ez izanda, ustea erdi ustel gertatuko da eta irakurlea, idazlearen mundu horretara gerturatu ordez, aldendu egingo da. Zaila da oreka lortzea, bai. Zaila da idaztea.

Inork ez du zalantzan jarriko Joseba Sarrionandiak idazten dakienik. Ez du halaber zalantzan jarriko idazten duenean irakurlearen izuen gordelekuen barrendik abiarazi nahiko duela. Nork bere barruan gordetzen dituen izuak: maitasunak, gorrotoak, etorkizuna, munduko kokalekua, ingurua. Bizitzaren izuak. Nora ezean ibiltzeko izua. Porturik gabeko bidaia. Intxaur azal barrutik inoiz ez irteteko izua. Idazlearen egoera pertsonalak bere literaturan duen eragina eztabaidarako gaia izan da behin baino gehiagotan. Sarriren kasuan ezinbestez gertatzen da. Non ote da Sarri? izan ohi da galdera; gutxitan entzuten da, ordea, nongoa da Sarri? Nongoa ote da bere sorlekura itzuli ezinean dabilena? Nongoa ote gorputza leku batean eta arima beste batean dituena?

Lagun Izoztua eleberria eskaintzen digu Iurretako idazleak. Lehenengo nobela. Idazle errebalida, nonbait, pasatzeko proba. Gainditu ote du? Benetako idazlea denetz erakutsi du ipuinaren enperadoreak? Norbaiten ustez, garrantzitsua izango da hori, luma gorriarekin dabilenarena. Baina zer eta nola kontatzen digun interesgarriagoa iruditzen zait. Eta Sarrionandiak luma fina duela iruditzen zait. Eta errealitatea fikzio bihurtzeko trebezia ukaezina. Errealitate horretan errefuxiatu batzuk erakusten dizkigu. Beren herrialdetik ihesi munduaren beste puntara abiatuta, egoera berri horretara egokitzeko bertako bizimoduan txertatzen saiatzen dira. Bizimodu horrek bizitzari heltzeko euskarria dirudi. Distantziak, barrukoak eta kanpokoak, gainditzeko. Une batean distantzia izoztu egiten da barruan. Adiskidea laguntzearren, alde batetik besterako bidean hasiko dira bi lagun. Bidaia hori gogoeta bidaia izanen da. Izotza urtzeko, oroimenaren berotasuna nahikoa izango al da? Lagun izoztua bere baitarekin egingo du topo, baina bidelagunak ere, nahigabe, gelaren hotza sumatuko du. Biok berotasunaren beharra aurkitzen dute joan-etorri horretan.

Lagun izoztua kezken, zalantzen, beldurren, herrialdean dago. Ez dut uste eleberri hau literatura ona besterik ez denik. Gehiago da. Galdera bat da. Ez ote gara gu ere lagun izoztuak?

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak