kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Eskuen sustraiak / Oier Guillan / Susa, 2009

Poetaren ofizioa Beñat Sarasola / Berria, 2009-10-25

Badira musika taldeak jaio, entsegu batzuk egin, kantak konposatu, eta diskoa grabatzen dutenak berehala. Beste zenbait, urte franko ibiltzen dira oholtzaz oholtza kontzertuetan larrua gogortzen, abestiak bildu eta diskoa atera arte. Oier Guillan, musikaria balitz, bigarren talde horretakoa litzatekeelakoan nago. Urterik urte han-hemenka ibiltzen da poesiarekin lotutako jardueretan, sarritan Mikelazulo elkartearen eskutik: poesia errezitaldiak, argitalpen bereziak —urte honetan abiatutako Batbada egitasmoa—, poesia eta musika, irakurketak… Jarduera oparo horietako guztietako bat baino ez da, haren kasuan, liburuak argitaratzearena. Orain arte Bermingham argitaletxearekin edo Mikelazulo elkartearekin plazaratu izan ditu bere obrak -sariren baten karira agertutako argitalpenen bat salbu-, eta oraingoan hedapen zabalagoa duen argitaletxe baten (Susa) bidez eskaini digu bere azken ekarpena, Eskuen sustraiak. Orain arte egin duen bide nahiko “lurpeko” hori eta duen adina kontuan izanik, poeta berri baten aurrean gaudela pentsa dezake inork, baina kontrara, Guillanek dagoeneko ibilbide aski luze eta oparoa osatua duela nabarmentzea komeni da, ezer baino lehen.

Izan ere, eskarmentu poetiko hori berehala antzematen da liburuan. Baliabide poetikoak ongi erabili eta tradizio poetiko ugarietatik edaten du Guillanek. Literatur tropo eta figurak abilki erabiltzen ditu, eta tarteka joera kontzeptistak, surrealistak, errealista-zikinak eta abarrekoak besarkatu, ildo bati bete-betean heldu gabe. Alta, liburuari batasuna ematen dioten elementuak organikotasuna eta iluntasuna direla esango nuke. Organikotasuna, izenburuan berean presente dagoena, Guillanen iruditeria sinbolikoaren erdigunean kokatzen da, eta hala, poemetan azaltzen diren figura asko elementu organikoak —gorputza eta gorputzaren zatiak, sustraiak, belarra, orbela, landareak oro har…— erabiliz osatzen dira. Iluntasuna, gizakien eta munduaren alde ezkutu gisa ulerturik —gaua, porrota, akidura…—, poemategi osoa gurutzatzen duen beste ezaugarria da, zeina, jakina, aurrekoarekin loturik baitago. Azken batean, materia, eta bereziki, materia pobreak, munduaren alde ilun horren parte baitira, izpirituari eta amets ederrei kontrajartzen zaizkienak.

Liburua zortzi ataletan banatuta dago, eta bizitzaren zikloa aditzera ematen dute, hazia erein aurreko momentutik (Paperezko baratza,Ildoak), bizitza sortu (Lore inperfektuak) eta amaitu arte, hurrengo zikloa hasi aurretik (Golde lurra). Prozesu organiko horretako hondakinak “Belar txarrak” eta inperfekzioak topatuko ditugu, hein handi batean, poemetan. Gizakia testuinguru latz batean kokatzen delarik, horren kontra borrokatzea besterik ez zaio geratzen, balizko etorkizun ederrean nahiko sinesgogor. Hain zuzen ere, denboraren inguruko hausnarketak ere behin baino gehiagotan aurkitzen ahal dira —ataletako batek halaxe izena du orobat, Denbora—, iraganari —haurtzaroari buruzkoak—, orainaldiari edo etorkizunari —utopia— egindako erreferentzia etengabeekin.

Mezu eta molde poetiko berriak bilatzen dituenarentzat, ez da, seguruenik, liburu aproposena. Erresistentziaren poetikan kokatzen den poesia da nolabait, gure herrian nahiko jorratua izan den molde poetikoa beharbada, eta bati baino gehiagori bere melodia ezaguna egingo zaiola imajinatzen dut. Haatik, poetika horri gehitzen dizkion ñabardurengatik —halako saiakeretako ohiko keriak ekidinez— zein autoreak erakusten duen poesia idazteko ofizioarengatik, poesia liburu aski gomendagarria da.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak