kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Haragiaren gauak eta egunak / Joan Mari Irigoien / Elkar, 2009

Hirugarrena eskuratzeko gogoz Leire Zubeldia / Gara, 2009-10-16

“Animatu zara eh…!”, esan didate, orbetarren sagako bigarren liburua besapean neramala ikusi dutenean. Izan ere, beti eramaten dut nirekin: etxean, kalean, autoan, lanean… Sor daitekeen tarte libre txikiena ere egokia da liburua zabaldu eta orri batzuk aurrera egiteko. Orri bat eta beste bat pasatuz irakurtzen dira 986 orri. Eta zer esanik ez, hitz bakoitza birritan pentsatuz, esaldi bakoitza zehaztasunez eraikiz, idazten dira 986 orri. Joan Mari Irigoienek, ordea, argi utzi zuen liburuaren aurkezpenean bere helburua ez zela orri kopuruarengatik nabarmentzea. Dena kontatu nahi izan du Altzakoak: liburuko pertsonaien izaeran eta kezketan sakondu du; XX. mende hasierako gizarte erlijiozale, matxista eta gatazkatsua islatu du… Beste behin, kontalari aparta dela erakutsi du Joan Mari Irigoienek.

Bestea da Mundua orbetarren trilogiako lehenengo liburuari bete-betean eusten dio bigarren honek. Nazario Orbe eta Regina Aldasoro senar-emazteak hirira joango dira bizitzera, eta Regina-enea (Cristina-enea?) jauregian hartuko dute ostatu. Ezkontza honek sei seme-alaba emango ditu: Teofilo Maria; zaharrena, Orbeatarren inperioaren oinordekoa, eta aitaren seme leiala. Beste muturrean dago Domingo Maria; errebeldea, aitaren arauei erronka egingo die. Damaso Maria, Gabino Maria eta Maria Bibiana Teofilorengandik gertuago egongo dira Domingorengandik baino. Gazteenak, Ada Maria txikiak, aldiz, Domingoren urratsak jarraituko ditu. Beraiekin batera biziko dira Nazarioren izeba Ursula eta Ernestina, Reginaren ahizpa.

Ursula eta Ernestina, ordea, ez dira orbetarren lehen belaunaldiko ordezkari bakarrak izango. Nazariok lantegiko sutegian erreta desagerrarazi zuen Beñardo anaiaren itzala Regina-enearaino iritsiko da. Benjamin Mariak, orbetarren zazpigarren semeak, irudikatuko du ardi-beltzaren irudia. Pertsona bat ez, haragi puska bat izango da sortzetiko malformazio baten ondorioz. Orbetarren irudi garbia zikinduko duen beldurrez, ezkutuan mantentzeko erabakia hartuko dute senar-emazteek. Denbora laburrean biziko da, baina hala eta guztiz ere, bera da istorioko protagonista garrantzitsuenetakoa; berak markatzen du orbetarren familian lehenaldi bat eta gero bat.

Fabrika bateko jabea da Nazario, komunistak (langile alferrak, berarentzat) gorrotatzen dituena; monarkia zalea, espainiar idealen eta Jainkoaren zerbitzari leiala ere bada, eta horrela zuzenduko du bere familia. Baina Teofilo Maria izango da bere ideiak jarraituko dituen bakarra. Seme-alaba bakoitzak bide ezberdina hartuko du, bakoitzak bere ideal ideologikoa garatuko duelarik. Domingo eta Ada izango dira bide bera konpartituko duten bakarrak. Nire ustez, orbetarren bigarren belaunaldiko protagonistak dira hauek.

Pertsonaien izaera aztertzeko tarte handiak hartzen baditu ere, eta zenbaitetan, istorioaren hari nagusitik desbideratuta denbora luzeegia pasatzen duen arren, liburu bizia da Haragiaren gauak eta egunak. Ekintzaz beteta dago. Ez da harritzekoa, XX. mendeko hastapenetatik Gerra Zibilera arteko denbora-tartean garatzen baita istorioa. Orbetarren saga osatzen duten hiru liburuen artean, mamitsuena eta biziena mintzagai hartu dugun hauxe izango ote den susmoa dut. “Animatu zara eh!”, esan dit batek baino gehiagok. Liburua irakurri eta gero, “animatu zaitez zu ere” erantzuten diet. Ni behintzat, trilogiaren hirugarren zatia irakurtzeko gogoarekin utzi nau.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak