kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Arbola naiz, eta zuhaitza / Josetxo Azkona / Alberdania, 2009

Bera izanik, ez da berdin Ainara Maia / Gara, 2009-10-09

Gustatu zait olerki liburua, eta maite dut. Eta poetak dioen bezala, ni ados nago, baina ez nator bat, nik neurea bizi dudalako.

Lur hau bi oinen gainean guztiok zapaltzen dugula argi dago, baina utopiarantz hegan egiteko gogoak mugiarazten gaitu alde batera nahiz bestera. Zuhaitzak bezain garaiak diren ametsek desberdintzen gaitu nor bedera, eta batzuetan “utopia” izeneko belaontzia hartzen dugu, eta beste batzuetan “gogo bizia” izeneko tranbia.

Horregatik guztiagatik, Azkonaren Arbola naiz, eta zuhaitza olerki liburua irakurri ahala, zuhaitz sendo gisa mugitzen garela ados nago, baina ez nator bat nire ametsak ez direlako zureak; ados nago sustrai berak ditugula esatearekin, baina ez nator bat berdinak garen horrekin, ala? Agian, nire ametsak gereziak dira eta zureak sagarrak. Eta beharbada gaurko gerezi helezinak, bihar pikuak, eskura izango ditudala esaten didate olerkiek.

Nolanahi ere ados nago bizitza bizi-bizi iraunarazten dutela eguneroko gure gauza txiki aldakorrek. Argi dago gaur triste banago, bihar alai egongo naizela, ez baitago malkorik gabeko irririk, euririk gabeko ortzadarrik ez dagoen gisa berean. Lagun batekiko eztabaidan aurki dezakegu beste batekiko ulerkortasuna. Maitasunean gorrotoa, eta bakean gerra bezala.

Joatea itzultzea da, aldatzea irautea eta irakurtzea idaztea. Horregatik, olerki liburua irakurriz batera, neure bizitza idatzi dut.

Bai, ados nago zuhaitz sendo garela eta arbola emankor nahiz antzu ere bai, egoeraren arabera, ametsen arabera, kolpeen arabera. Eta ez dakit poeta zulotxoen egilea ote den, baina niri behintzat, irakurle gisa, bihotza ziztatu dit eta nire existentziaz pentsarazi, eta uste dut poetaren zeregina, zereginik badu, bere sentiberatasun berezitik abiaturik, gainerako beste zuhaitzoi gure irmotasuna zalantzan jarraraztea eta dardararaztea dela; noizean behin arbolaren fruitu umotuak eta hosto iharrak eror daitezen lurrera, berriei bide emateko. Horrek mina eta oinazea eragiten du, negarrean aurkitzen baita irria, norberaren bakardadean aurkitzen baita elkarrizketetan galtzen dena; eta beharbada elkarrizketetan bilatzen baitugu, guregan aurki genezakeena.

Poetak dioen bezala, arbolak gara, baita zuhaitzak ere. Hirira jotzen dugu eta basoan gelditzen gara. Izan ere, bizitzaren hariaren muturrak erakusten dizkigu Azkonak, bere kontraesanak eta azken batean gure kontraesanak; eta kontraesan horien artean maitasunaren lerro lausoa, sentimendu aunitz gurutzatzen baitira begien bistan urrutian dugun maitasunaren zerumuga finean, eta doi-doi ikusten dugularik begiak ixten ditugu barneko ezerezari so egiteko. Orduan, bihotzean zirrara berezia sentituz begiak berriro ere irekitzerakoan mundua beste era poetiko batez begiratzen dugu.

Horregatik egin zait interesgarria olerki liburu hau irakurtzea. Mundua bakoitzaren ametsek iruten dutela ohartzeko, eta munduak gu egiten gaitu gizaki, lur gaineko ibiltari eta zeruan zeharreko hegalari. Eta beharbada, uretan murgilduz beste mundu ederrago bat posible dela ikusiko dugu.

Baina, hori nire kontua da, eta zurea, irakurle. Merezi izan du liburua irakurtzeak, nahiz eta nahasirik sentitu hainbeste esan eta kontraesanekin.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak