kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Londres kartoizkoa da / Unai Elorriaga / Elkar, 2009

Soraren esperoan Beñat Sarasola / Berria, 2009-09-11

Teilatu baten gainera joaten da egunero Phineas, bertatik tren geltokia eta errepidea ikusten direlako, eta bere arreba Sora desagertua noiz etorriko esperoan denez, leku hori delako bere itzulera ikusteko toki behinena. Uda hasiera da eta zeregin horretan laguntzen diote Musone, Datos eta Bleurer adiskideek. Izan ere, udan itzuliko dela agindu du Sorak etxera bidalitako gutunean. Diktadura baten —Liburu Brodatuaren garaia— ondorengo urteak bizi dituzte lau lagunek, eta beren helburuetako bat iraganean gertatutako desagerpen, tortura eta enparauen argitzea da. Horretarako, herriko lau doktorek —Tizman, Fresleven, Malo eta Bornas— egindako bost grabazio eskuratu nahi dituzte, haietan informazio baliagarria egongo delakoan (tartean Sorari buruzkoa orobat).

Narrazio ildo horrek gidatzen du Londres kartoizkoa da Unai Elorriagaren laugarren nobelaren muina. Salbuespena bigarren zatia da (liburua lau zatitan banatua dago), zeinetan nagusiki Londresen jazo (omen) zen polizia-nobela formako kontakizun ederra kontatzen baita. Liburuaren amaieran argituko zaio irakurleari zati honen eta gainontzekoen arteko lotura.

Idazleak liburua publikatu aurretik bere literatura erabat aldatu zuela iragarri bazuen ere, nik ez nuke horrenbeste esango. Izan ere, Elorriagaren literatura ezaugarritzen duten aurreko hiru nobeletan azaldutako hainbat elementu topatzen dira Londres kartoizkoa da-n halaber. Idazkera zertxobait aldatu duela agerikoa da, hori bai, behialako pirotekniarako eta esaldi efektisterako joera aski apaldu baitu, salbuespenak salbuespen (“Ez da etikoa udan hiltzea”). Aldaketa, idazkera hau lagun, gehiago sumatu dut absurdoaren erradikalizazio gisa, hau da, aurreko nobeletan absurdoa istorio erreal baten osagaia baldin bazen, kasu honetan istorioa errotik da absurdua. Aurreko liburuetan gutxi-asko errealismo magikoa baldin bazen erreferentzia, honakoan absurdoaren antzerkia litzateke gehiago (aipuetako bat Abeslari burusoila-tik hartua da). Eta alderdi honek nobelaren konplexutasuna zein interesa areagotzen duela iruditzen zait. Hala, ez nuke esango inolaz ere liburu erraza eta erosoa denik honakoa, aldiz, apustu literario pertsonal eta arriskutsua dugu, eta ez ninduke batere harrituko irakurle bat baino gehiagok, hasieran batez ere, beren burua galduta sentitzea. Elorriagaren jarrera hau goraipatzekoa iruditzen zait, bere aurreko literatur moldea aldatu nahian, beste forma literario erosoagoei heldu baitziezaiokeen, eta haatik, bere orain arteko ildoa sakontzearen eta erradikaltzearen bidea hartu du, emaitza hobetuz, ene aburuz.

Nolanahi den, aitortu behar dut nobelaren amaiera ez dudala batere gogoko izan. Borobilegia suertatu zait, zirrikiturik gabea, eta uste dut kontraste handiegia egiten duela nobelaren ordura arteko jite ezegonkor eta zalantzazkoarekin. Baina horrek bainoago, liburuaren interpretazio orokorrean dituen inplikazioek arduratu naute. Izan ere, amaierarekin, nobela guztian zehar lehenengo planoan kokatzen den diktadura eta bere ondorioak bigarren maila batera alboratuta geratzen dira, halako irakurketa psikologista bat gailentzen delarik. Istorioaren ebazpena, hala, ez da espero zitekeen bidetik gauzatzen, eta literatura jolas gisa funtzionatzen badu ere, ikuspuntu etiko-politikotik, ene aburuz, dezente zalantzazkoa da. Bere arrisku guztiekin, Londres kartoizkoa da-n aurkitzen dugun diktadura azaltzeko modu alegorikoa argia eta berritzailea egin bazait ere, azkeneko biraketa horri eragozpen handiak ikusi dizkiot.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak