kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Mila ezker / Garbiñe Ubeda / Susa, 2009

Ezkerkadak Mikel Ayerbe / Berria, 2009-09-20

Duela gutxi, lagun bat urduri zebilen, bolante aurrean autoeskolako praktikak egiten hasi behar eta eskuina eta ezkerra bereizteko zailtasunak zituelako. Lasai egoteko esan nion, zein eskurekin idazten duen, horixe dela eskuina erantzunez. Oraindik irakurri gabe nuen Mila ezker, Garbiñe Ubedak plazaratu duen saiakera liburua. Liburua irakurria izan banu bestelakoa izango zelako erantzuna eta lagunari aurrena zein eskurekin idazten duen galdetuko niolako (eta bere erantzunaren araberakoa izango zelako nirea ere).

Izan ere, ezkertasuna oinarri hartuz kirola, musika, matematika, filosofia, neurologia, fisika eta beste hainbat gai hizpide dituen liburua da Mila ezker. Hamabost artikulu laburretan eta soilik 85 orrialdeko liburuan, ezkerra izatearen nolakotasuna agerian jarri eta eskuinek eskuinentzako egokituriko munduan ezkertasunak duen lekuaz gogoeta egiten du Ubedak. Inolaz ere ez du egin nahi izan ezkerrentzako auto-laguntzako liburua, nahiz eta ezkerra denak edo ezkertasunerako joeraren bat duenak (ez baita ahaztu behar ezkerren artean ere joera bat baino gehiago daudela) gertuagotik jarraituko dien bertan esaten direnei. Bestalde, eskuina denak aukera aparta du berea ez den bestelakotasunaz jabetu eta aldi berean bestelakotasun horren atzean egon daitezkeen hainbat gogoetaren gaineko ikuspuntua aberasteko.

Liburuko artikuluetan denetik aurki daiteke, bai gaien aldetik baita haiek jorratzeko moduagatik ere. Ezker izatearen inguruko kontu ezagunenetatik hasi eta gai sakon eta konplexuenetaraino. Artikulu bakoitzean agertuko diren izen propioak ere askotxo dira, mota eta kolore guztietakoak horiek ere (gutxi batzuk aipatzearren, Martina Navratilova, Jimi Hendrix, Ned Flanders, Julian Ajuriagerra, Atahualpa Yupanqui, Ralf König, Julian Retegi…), adibide jakinen bidez gertaera zehatzak plazaratuz.

Bestetik, Ubedak aukeraketa argia egiten du, ezkertasunaren gaia unibertsalki aztertzeaz gain, euskal esparruko zenbait gai eta kasu hizpidera ekartzeko ere. Eta zenbaitetan, artikuluaren gaiak (ikus Ergonomiaz) edo nondik norakoek (Zurrunbilo engainariak kasu) harritu egingo dute irakurlea eta hausnarketa bat baino gehiago egitera bultzatu.

Esan bezala, artikulu guztietan ezkertasuna edo albotasunerako joera agerian (eta zenbaitetan lerro artean) bildu eta prisma anitzetatik landuz, gai horren inguruan idazleak bere nahierara eginiko bilketa, neurri batean, entziklopediko gisa ere irakur daiteke Mila ezker. Eta, hain zuzen, nago alderdi horretatik sor daitezkeela liburuaren gaineko hainbat kezka. Baina niri, gaien aukeraketak berak baino —demagun ezker politikak edo ezkertiar izateak liburuan duen trataera murritza—, zenbait gairen trataerek eragin didate uzkurdura, sarritan hainbat testu pasarte edo artikulu zati (Paritatearen amiltzea edo Euskal espazioaz atalak, adibidez) trinkoegiak egin zaizkidalako. Jakin badakit uzkurdura horren eragile nagusia gai jakin batzuen inguruko nire ezjakintasuna edo nire ulermen zailtasuna dela, baina batzuetan oso gai konplexuak (niretzat behintzat) oso lerro eta pasarte laburretan lantzeak ez dit askorik lagundu. Egia da egileak azalpen korapilatsuak argitzeko ahalegin nabaria egin duela liburu osoan zehar, oin-ohar ugariren edo bestelako baliabideen bidez, eta, zorionez, trabatuta gelditu naizen pasarteak esku bakarrarekin kontatzeko modukoak izan direla.

Edonola ere, liburu motz eta artikulu laburrak izanagatik, Mila ezker astia eskatzen duen liburua dela esango nuke, jarraian baino gehiago tarteka artikulu bat edo beste irakurri eta gogoeta egiteko aproposa.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak