kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Euskal Herria XIX. mendeko bidaia-liburuetan / Santi Leone / Alberdania, 2009

Irudiak Beñat Sarasola / Berria, 2009-09-13

Santi Leonek —liburu honetan Santiago Leone Puncel— argi utzi zuen Euskal Herri imajinario baten alde saiakeran esentzialismoa historiografiatik uxatu beharreko kontua iruditzen zaiola; izan esentzialismo hori navarrista (Juan Ignacio del Burgo eta enparauak) edo euskal abertzalea (Nabarralde). Oso laburki esanez, batak zein besteak, historiako datu eta gertakari objektiboetan dute konfiantza beren tesiak defendatzeko, historia benetan nola izan den frogatzeko. Bien ondorioak erabat kontrajarriak izanagatik, oinarri bera partekatzen dute, beraz, Leoneren iritziz, eta azkenean, historiografia ulertzeko modu komun hori da historia faltsifikatu eta manipulatzen behinena.

Hori guztia gogora ekartzen dut Euskal Herria XIX. mendeko bidaia-liburuetan kritika horren gerizpean idatzitako lana delako, ikusmolde historiografiko antiesentzialista horretatik idatzitako, alegia. Izan ere, Euskal Herria historikoki benetan zer izan zen aztertu beharrean —ohiko aparatu positibistarekin—, Euskal Herriaren irudia atzerritar bidaiarengan nola osatu zen du aztertzen, hots, XIX. mendean Euskal Herrira etorri ziren bidaiariek lurraldea eta bertako jazoerak nola baloratu zituzten. Hala, historiaren ikertzaile klasikoek gertakariak edo herrialdeak bere horretan aztertzen dituzten bitartean, Leonek —eta, oro har, ikerketa postkoloniarren oinarriekin lan egiten dutenak— horien irudiak (imajinarioak) hartzen ditu aintzat batik bat. Irudiak, gertakari soilak ez bezala, aldakorrak eta moldagarriak diren heinean, historia —eta areago esango nuke gizarte zientziak edo ezagutza— ulertzeko bi molde horien arteko ezberdintasuna nabaria dela erraz ohar gaitezke.

Ikerketa horrek Jose Antonio Loidi beka jaso zuen, 2003an, eta sei urte luzeren ondoren ikusi du argia Alberdaniaren eskutik. Euskal Herriko XIX.mendeko gertakari historiko garrantzitsuenetako bat —Lehen Karlistaldia— ardatz hartuz antolatu ditu atalak hein handi batean. Gertakari horren aurreko, bitarteko eta ondorengo ikuspegiak aztertzen ditu sistematikoki hiru ataletan, eta atal horiek har ditzakegu liburuko nukleotzat. Pertsonaia bereziki interesgarria delakoan, Wilhelm von Humboldten idazkiei buruzkoek atal oso bat hartzen dute aparte, eta azkeneko atalean, berriz, emakume baten ikusmoldea zein garaiko entziklopedia batekoa ditu hizpide. Ikerketaren dokumentazio lan ona aipatzekoa da, batez ere izpiritu horretako lanei sarri leporatzen zaiena, hain zuzen ere, dokumentazio lan eskasia dela kontuan izaten badugu. Alde horretatik, betiko historiografiaren iturriekiko zorroztasunetik idatzia dela esango nuke, eta argi geratzen da ez direla gutxi izan autoreak liburutegi eta artxiboetan pasatutako orduak.

Liburuak, horrenbestez, Euskal Herriko XIX. mendeko historian zeharko bidaia berezia eskaintzen digu, kanpoko begiradatik egindako bidaia, esan nahi baita. Eta ibilbide hori ohiko zenbait topiko gezurtatzeko baliogarria da, halaber; esaterako, kanpoko begirada hotza eta aurreiritzirik gabekoa delakoa gezurtatzeko. Era horretan, azkar asko ikusten dugu Euskal Herriko bertako iritzi eta planteamenduak bere horietan erreproduzitzen direla maiz bidaiari atzerritarrengan, horren adibidetzat Karlistaldiaren inguruko balorazioak izan daitezkeelarik. Kanpokoen begirada, hortaz, oso urruti dago unitarioa izatetik, eta berengan ere Euskal Herri “barruko” iritzi zatiketa bera sumatzen ahal da. Horrek guztiak hasieran esandakora garamatza, behaketa puru eta garbian konfiantza izatea kimera bat dela aditzera ematen digulako beste behin ere.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak