kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Postkronikak / Alberto Barandiaran / Elkar, 2009

Kazetarien begirada Javier Rojo / El Correo, 2009-08-15

Postkronikak du izenburua Alberto Barandiaranen saiakera liburu honek, agian edukiari begira “Bost kronika” bakarrik jarri behar zuen arren. Izan ere, liburu honetan idazlearen kazetari lanean oinarritutako bost kronika aurkezten baitzaizkigu, aldez edo moldez oroimenaren berreskuratzearekin lotuta daudenak. Betirako ahanzturan galdu baino lehenago azaleratu nahi ditu idazleak behinola gertatutakoak, funtzio hori ezinbestekoa izango balitzaio bezala.

Gauzak horrela, kazetaria garai batean pertsona batzuei gertatutakoaren kronikagilea izateaz gain, kontalaria izateaz gain, neurri handi batean pertsonaia ere bada kontatzen dituen kroniketan. Besteei dagozkien istorioak agertzen ditu, baina baita ere nola gauzatzen duen kontaketa, zer-nolako ibilbidea izan duen berak kontaketa hori egin ahal izateko. Bost kronika hauek “postkronikak” barik (“post”ez beteriko mundu batean bizi gara), “metakronikak” baitira. Gauzak horrela, ezinezkoa da kontatua eta kontatzen duenaren begirada bereiztea, liburu honetan agertzen diren kroniketan biak ala biak zeharo loturik baitaude. Eta neurri handi batean, begiradak osatzen du kontatutakoa. Galzorian dagoen oroimena berreskuratu nahi duelarik, bereziki hunkigarria da liburu honetan agertzen den lehenengo testua, non Auschwitz-en kontzentrazio eremuan hil zen emakume nafar baten istorioa berreraikitzen saiatzen baita, hildakoa betirako ahanzturaren ezerezean desagertu baino lehen, haren argazkia bilatzen duen bitartean. Hunkigarria, batez ere kontuan hartzen badugu bertan miloi pertsonatik gora hil zirela, eta bertan hil ziren gehienen aztarnak betiko desagertu zirela, inoiz existitu izan ez balira bezala.

Ia-ia inperatibo moraltzat hartzen du idazleak bere betebeharra, aztarnarik utzi gabe hil zirenek gutxienez halako ahalegina merezi baitute, bizi ere bizi zirelako froga bezala. Beste kronika batzuek gerra ondoko errepresiora daramate irakurlea, eta are garai modernoagoetara ere, martxoaren 11ra adibidez.

Kronikagilearen begirada gehiegi nabarmentzen da testu hauetan, eta batzuetan kazetaritzaren beraren funtzioari buruzko hausnarketak dirudite. Edonola ere, honelako liburu bat irakurtzen dudanean aitortu behar dut kontrako jarrerak pizten direla niregan. Izan ere, behin baino gehiagotan iruditzen zait oroimenak, lagungarri izan beharrean, lastre bihurtzeko arriskua duela bizitza normala egiterakoan.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak