kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Azukrea belazeetan / Inazio Mujika / Erein, 1987

Belazea sutan, azukrea lautadetan Gorka Bereziartua / Argia, 2009-08-02

Sekula egiaztatzerik izan ez dudan anekdotak honela dio: Gabriel García Marquezek, bere estiloari gatz gehiago nondik botako, kamioikada bat liburu hartu zuela, eta bere burua isolatu, haiek irakurtzeko. Ari dela, ari dela, han joan zaio adiskide bat. Pilatuta dauzkan liburuak begiratu, eta atzaparkada batekin haizeak hartzera bidali ditu erdiak. Gero, bakeroen atzeko poltsikotik liburuxka bat atera dio, 200 orri eskas, eta esan: “Hau irakur ezak, eta esango didak”. Gabok Pedro Paramo irakurri zuen liburuaren azalean, Juan Rulfo delako batek idatzitako nobela. Hura leitu ondoren etorriko zen Macondo. Handik ikasiak omen Cien años de soledaden erabiliko zituen trikimailu tekniko batzuk, hala nola, narrazio-denboraren “dislokazioa”.

Inazio Mujika Iraolaren Azukrea belazeetan ipuin bilduman ere ageri zaigu Rulfo, bizpahiru kontakizunen atariko aipuetan. Ez dut uste kasualitatea denik. Izan ere, 1987ko lan honi, Pedro Paramorena ez, baina mexikarrak idatzitako Lautada sutan ipuin bildumaren traza hartu diot. Zenbait alorretan antzekotasunak nabarmenak dira: nekazal giroan kokatutako istorioak dira bi liburuetakoak; biek ala biek darabilte hizkera oso herrikoia; gordinak dira istorio askoren amaierak, baina oso modu sotilean daude kontatuta… Eta biak dira ipuin liburu bikainak. Rulforenean lautadak ematen die batasuna ipuinei; Mujikarenean mendi aldeko auzuneak. Eta hasierako narrazioek ukitu fantastikoren bat badute ere, tonu errealistakoak dira oro har. Beharrezkoa, bidenabar, nekazal munduaren behazunezko malkoez berba egiteko.

Azukrea belazeetanen badira pasarteak, hilketa batzuen deskribapenak adibidez —bereziki Begiak zabalikekoa— ipuina galduko luketenak pultsu handiko narratzaile batek kontatu ezean. Baina Mujikak, orduan 24 urte, ederki zekien zer egin nahi zuen. Horri esker irakurleak ez du tentsio narratiboa behin ere galduko —salbu eta, agian, Hezeak ezkoari deien, nire ustez hori baita liburuari ken dakiokeen gizen bakarra—. 22 urte beranduago, arrunt gozagarria da liburu honen irakurtzea.

Gainera, sekula kontatu ez didaten anekdota batek zera dio: Bernardo Atxagak, narratibari ekiteko gogoz, hartu omen zuela kamioikada bat liburu, eta bere burua isolatu, haiek irakurtzeko. Ari dela, ari dela, han joan zaio adiskide bat. Pilatuta dauzkan liburuak begiratu, eta atzaparkada batekin haizeak hartzera bidali ditu erdiak. Gero, bakeroen atzeko poltsikotik liburuxka bat atera dio, 200 orrira ez da iristen. “Hau irakur ezak, eta esango didak”. Atxagak Azukrea belazeetan ikusi zuen azalean. Gero etorriko zen Obaba. Baina hara iristeko, uste dut ezinbestekoa izan zela Uheskako zulotik, Perretxetik eta Olamuinotik pasatzea.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak