kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Dendako leihotik / David Tijero / Kutxa Fundazioa, 2001

Leihoa eta denbora Jon Kortazar / Bilbao, 2002-03

2001. urteko Irun Saria irabazi ondoen eman zaigu ezagutzera David P. Tijeroren lana: Dendako leihotik du izenburua poemategiak, eta Bilboko gazte honen lehen lana ez bada ere, liburu kolektiboetatik kanpo ateratzen duen lehengoetarikoa da, ipuin eta poesia lehiaketetan arituta gero.

Ez da asko poeta gazte eta berri honi buruz dakiguna: 1974. urtean jaioa, Fisika karrera egiten dihardu, eta poesiara “ingurukoak eragiten diona deskribatzeko” asmotan hurbildu da.

Inguruaren indarrak ematen dio poesiari sorrera eta deskribapena nagusitzen dela esan dezakegu. Lehen poematik bertatik Tijeroren lanak pilaketa maite du, zehatza da begirada osatzen, detaileez osaturiko errealitatea agertzen du bere poesian: “Orratzak badoaz erlojuan/ kanpai hotsak dorrean/ orriak banan-banan egutegian/ ideiak azkar dabiltza buruan…”.

Errealitateari baina, esanahia sinbolikoa ematen dio maiz, poemaren azken aldean, hasieran erein dituen ideia solteak bilduz eta batasun hari bati lotuz. Barneko mamuak uxatzeko asmoz idazten duela ere adierazi du idazleak noizbait. Garbi daude zeintzuk diren mamu horiek: denboraren igaroarekin lotzen dira asko, baina barne mundua agertzeko orduan kanpo mundua du beti begien aurrean Tijerok. Tonu eta gai aldetik poesia ezaguna egiten duela adierazi beharko litzateke. Berea existentzialismoaren ondoan agertzen den poesia da, eta zenbait gai aspaldi aipatu izan dira euskal poesian, hala nola: ezagutzen ez den maitearena, eta beste isla batzuk, egunerokotasunaren gristasuna eta horretatik ihes egiteko gogoa ere 70. hamarkadako poetek ere landu zituzten gaiak dira.

Pena handia da edizio aldetik poemak hobeto bananduta ez egotea, bada betarik edizio hoberik egiteko, baina dagoenaren aurrean esan beharko genuke badagoela hari tematikoa poema desberdinak biltzen eta lotzen. Poemategiaren sei zatiek (“Denbora ihesi doa”, “Bizitza kaiolatuak”, “Bidaiak”, “Dendako leihotik…”, “Maitaleak” eta “Ihesaldiak”) bizitza triste bati buruz, bizi beharraren aurrean hartzen den joera etsituaz hitz egiten digute: “Hire ariman etsipena duk/ porrotaren lekuko isila/ jakin beharko hekien/ ausardia nahi ez duenarentzat/ debekatuta dagoela bidaia”

Poesiaren barnean joera narratiboa garbia agertzen da, eta noizbehinka egunerokotasunaren hiztegiak topo egiten du naturaren sentsazioaz sortu denarekin. Agian, sinbologia ezaguna bada ere, bilketa horretatik, hain zuzen ere eguneroko detaileen ikuspegi objektiboa eta barne prozesuaren arteko bilketatik, etor dakioke poemategi honi agertzen duen berritasuna. Esistentziaren zentzuaren bila omen dabil poeta, eta esentzia horren bilaketaren abiapuntua beti da kanpoko begirada. Horretan da aipagarria poemategia, begiaren zolian.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak