kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Axola ez duenean / Aritz Gorrotxategi / Alberdania, 2009

Liburu literario bat Mikel Ayerbe / Berria, 2009-06-21

Literatur generoen barruan, hainbat ezpal landu ditu jada Aritz Gorrotxategik berriki kaleratu duen Axola ez duenean eleberria baino lehen. Batetik, poesia oinarri harturik Taxi bat Hamletentzat (2002) eta Zaldi hustuak (2007) liburuak. Narratibari dagokionez, eleberri beltzari lotu zitzaion Kafkaren labankada (2001) eta Kearen truke (2005) liburuetan, kronikara hurbildu zen Galtzontziloak autobusean zintzilik (2002) lanarekin, eta urte berean argitaratu zuen Egurra Pinotxori narrazio liburua ere. Hain zuzen, ipuin liburu horretan aurkeztu zuen aurrenekoz Gorrotxategik Axola ez duenean nobela girotzen den La Torre izeneko hiri imajinarioa, “itxura batean gaztelaniaz mintzo den Hego Amerikako lurralde batean dagoen hiria”.

Irenek behea jo du, zortzi urtez ezkonduta egon ondoren senarra bat-batean hil zaionetik. Liburu-dendako lana, bakardadea eta bata bestearen atzetik erretzen dituen zigarroak, ez du besterik. Eta hori gutxi balitz bezala, irakurtzeko grina ere galdu du, literatura zale amorratua izan arren. Bere zama bizkarreratu ezin duen begi griseko dortoka agertzen zaio ispiluan begiratzen denean, eta badaki horrela jarraituz gero, ito egingo dela. Iraganaren hutsunean murgilduta egonda nekeza baita etorkizunera begiratzea. Nobela hasierako pasarte batean esaten den bezala, Irenek ez dakielako zer egin, pausoa moteldu eta gogoratu ala lasterka atera eta pentsamendu desatseginei bizkarra eman.

Baina Irene ez dago hain bakarrik, eta haren inguruan pertsonaia galeria oso bitxia biltzen da: Claudio, liburu dendako nagusi eta literatur ortodoxoa; Bruno, idazteari uztea pentsatzen ari den ospe gutxiko idazle eta zutabegilea; Morasan, geldirik egon ezinik batetik bestera ibilian dabilen filosofo eta ibaiko zakar-biltzaile herakliotarra; Dorotea, ikaskide izaniko alarguna; eta azkenik, Kronsky, gerra ondoren Errusiatik La Torrera ihes egindako eta jendeak erotzat duen agure misteriotsua.

Nahiz eta liburuko argumentu nagusiak korapilo berezirik ez izan, ez bada bere baitan hondoraturik dagoen Irene protagonistaren susperraldia kontatzea, pertsonaia bakoitzak istorio harrigarri bat ezkutatzen du. Gainera, literaturak ere berebiziko garrantzia hartzen du liburuan, pertsonaia nagusien karakterizaziotik hasita, idazleak, literatura bizitzeko ikuspegiak eta bestelako literatur aipuak han-hemenka agertzen diren neurrian.

Hala ere, Axola ez duenean nobelaren irakurketak ez nau harrapatu. Batetik, idazleak Irene protagonistaren larruazalean barneratzen asmatu ez duela iruditzen zaidalako (eta ondorioz, irakurleak ere ezin). Izan ere, irakurle gisa Irene erakusleiho batean balego bezala jarraitu dut. Adibidez, protagonistaren nahigabea islatzeko egokiagoa iruditzen zait, jada ia topiko bihurturiko dutxako masturbazio saiakerak deskribatzea baino, alargunen terapiako lehen saioan Ireneren buru barruan zer pasatzen den kontatzea.

Bestetik, susmoa dudalako Gorrotxategik pertsonaia eta gertaera batzuen inguruan irakurketa bideratuegia eskaintzen duela. Bereziki Claudio pertsonaia datorkit burura edo Ireneren azken eraldaketaren prestaketa nola aurreratzen den kapitulu ia guztietan. Nolabait, norberaren interpretazioei leku gutxi utziz, lerro artean ulertu beharrekoa egileak irakurleari belarrira esango balio bezala.

Axola ez duenean liburuan Gorrotxategik literatura asko eta kontamolde propio bat eskaintzen badu ere, nobela bezala hutsuneak aurkitu dizkiodala ezin ukatu, nire irakurketaren kaltean.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak