kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Zoaz infernura, laztana / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2009

Hegoak ebaki banizkio Amaia Alvarez Uria / Argia, 2009-06-21

Hitzak jolas: Hasteko aipatu nahiko nuke Lertxundik darabilen hizkuntza. Hitzekin irakurlea ferekatu, liluratu eta amorrarazi dezake. Hizkuntzaren txoko ezezagunak ikusarazi eta euskara gozatzeko aukera ematen digu. Naturaltasun eta erraztasun handiz egin ere (elkarrizketak noka, esaterako). Baina “naturaltasun” gehienekin pasatzen den moduan liburuan behin baino gehiagotan adierazten digu hizkuntza lantzeak ematen dion lana eta kezka. Istorioa “zuzen” idazteko ardura agertzen zaigu narratzailearen berbetan, gertatutakoa ahalik eta egokien kontatzeko nahia.

Testuetatik abiatutako testua dugu lan hau: narratzaile nagusia protagonistaren terapeuta da eta Rosak duela sei urte pasatu zuena kontatzen digu honek orduan egindako testigantzetatik abiatuta. Orainalditik begiratzen dio narratzaileak iraganari, dituen idatzitako testigantzak berrirakurriz indarkeria matxista ulertu nahian.

Duintasunez eta justiziaz: Alde batetik distantzia hartu nahi izan du egileak gai gori honi buruz ahalik eta era objektiboenean hitz egiteko —gai honi buruz hitz egiteko ia egunero jasotzen dugun diskurtso sentsazionalistaren erabilpenari iskin eginez—. Helburu hori dute hurrengoek: sei urte lehenago gertatutako istorioa, profesional arduratsu batek kontatutakoa, beste bati pasatutakoa, egilea gizona izanik emakume biren ahotatik hitz eginda, paper ofizialetan idatzitakotik abiatuta. Beste alde batetik, erasotutako biktimari eman dio hitza, lehenengo pertsona eta elkarrizketak agertu dizkigu, datuekin batera sentimendu, emozio eta egunerokotasuna ere azaldu dira, protagonistarengana hurbiltzeko, enpatia eta konplizitatea sustatuz. Gai labainkor eta konplexu hau behar bezala tratatzeko, plazaratzeko, erabili ditu urruntze-hurbiltze estrategiok gure ustetan.

Ohiko “konponbidea”: Baina narrazioaren garapen eta egiturari dagokienez desoreka ikusten dugu lan honetan. Lehen atalean Rosari ematen dio hitza, terapeutaren bitartekaritzaz, eta lehenengo pertsona nagusitzen da nolabaiteko autobiografiaren moldea hartuz, literaturaren historian genero literario femeninotzat jo izan dena. Bigarren atalean ordea, genero beltzari ematen dio bidea, arazo lazgarri honi gizonezko sortzaileek hamaika pelikulatan proposatu duten amaiera emanez. Hain dokumentazio lan ona egin eta gero, hizkera eta idazkera hainbeste zaindu ostean, pena da istorioari beste amaiera bat eman ez izana. Edozelan ere, Martzelinaren istorioa kontatu zigun egileak ondo irabazita dauka Beterriko Liburua Saria, Rosaren istorioa ezagutzea ere merezi baitu.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak