kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Bilbao-New York-Bilbao / Kirmen Uribe / Elkar, 2008

Anekdota-bilduma Javier Rojo / El Correo, 2009-06-06

Kirmen Uribe idazle trebea da. Trebea, testuak idazteko erraztasuna duelako, baina, baita ere, emozioak eta sentimenduak sortzeko klabeak oso ondo kontrolatzen dakielako. Irakurleak, emozioen korrontean sartu nahi badute, erakarrita sentituko dira berehala. Gauzak honela, ez zait batere harrigarria iruditu Bilbao-New York-Bilbao izenburuko nobelak, nobelagintzaren alorrean burutu duen lehenengo saioak, halako arrakasta eduki izana gure artean. Nobela hau metanarrazio bat da. Hau da: nobelan, azken finean nobela bat idazterakoan narratzaile-idazleak jarraitu duen prozesua kontatzen zaigu.

Hori guztia, New Yorkera egiten duen bidaia batean kokatuta, nobelaren idazketaren prozesua narratzailearen oroimenean berpiztuko balitz bezala. Eta egoera pixka bat gehiago bihurrituz, liburuan kontatzen den idazketa prozesu horren ondorioz narratzaileari sortzen zaion nobela eta irakurleak begien aurrean duena nobela berbera da. Narratzaileak helburu bat zeukan idazketari ekiterakoan, bere aurreko belaunaldiekin lotzen zuen haria eraikitzea, alegia. Alde horretatik begiratuta, amodio-eskaintza bat da nobela (bai narratzaileak idatzi nahi duena, bai idazleak irakurleari eskaintzen diona, ezinezkoa da-eta biak bereiztea).

Baina testua irakurleari aurkezten zaion bezala, anekdota-bilduma handiaren itxura hartzen du. Hegazkinean doalarik, oroitzapen batek beste oroitzapen batera darama narratzailea, zeharkako erreferentzia batek istorio bat kontatzera darama, halako osagaien arteko lotura guztiz ahula denean.

Esperimentu moduan, testua edozein puntutan irakurtzen hasi daiteke irakurlea, eta edozein puntutan utzi, eta jasoko duen inpresioa ez da oso desberdina izango. Beste hitzetan esanda: nobelari argumentu sendoa falta zaio. Berak kontatzen dituen anekdota eta istorioetan ez dugu konflikto handirik ikusiko, dena tonu xamur eta leun batean mugitzen da, idazleak istorioz istorio salto egiten duen bitartean, irakurlea hainbeste izenen oihartzunekin hipnotizatuta bezala gelditzen den bitartean.

Irakurgai politen bilduma eskaintzen du Uribek liburu honetan, hori bai, oso ondo idatzitako irakurgaiak, askotan arrantzale eta marinelen bizimoduarekin zerikusia dutenak, eta interesgarriak suerta daitezkeenak. Haietan sentimenduek gainez egiten dute, eta nekeza gerta dakioke irakurleari sentimenduen sare horretatik askatzea.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak